Hamar urte beteko ditu ikasturte honetan Mugik

Ataria 2023ko irailaren 28a

Datorren astean hasiko du ikasturtea Mugi Tolosa ekimenak; urtero bezala asteazkenero ibilaldiak egingo dituzte.

Bakardadeari eta sedentarismoari bizkarra emateko eta adineko pertsonen artean ohitura osasuntsuak sustatzeko helburuz sortu zen Mugi Tolosa duela 10 urte. Ikasturtero abiarazten dute eta aurten urriaren 4an emango diote hasiera. Urtero bezala, ibilaldiak asteazkenetan egingo dituzte. Zerkausitik aterako dira bi taldetan banatuta eta ibilaldiez gain ekintza bereziak  egingo dituzte urtean zehar. Iaz esaterako, zinema saioa, hondartzara txangoa edota Tolosa eta Ibarra arteko ekimen bateratua egin zituzten. 

Urtetik urtera handituz jarraitzen du parte hartzaile kopuruak eta iazko partaideen bataz bestekoa 104 lagunekoa izan zen, guztira 32 irteera egin zituztelarik. Edozein dela zifra, ordea, antolatzaileek herritar oro gonbidatzen dute parte-hartzera, sozializatzeko edota ohitura osasuntsuak eta zahartzaro aktiboa sustatzeko baliagarria izateaz haratago, kontaezinak direlako Mugi Tolosak norberaren zaintzan izan ditzakeen onurak, bai fisikoak zein emozional edo mentalak ere. 

Ibilaldi bakoitzaren antolakuntza elkarte ezberdinen eta Tolosako Udalaren artean elkarbanatuko dute eta ikasturte honetan ere, boluntario sare zabal baten babesa izango du Mugik. Azken urteotan gainera, lanketa berezia egin dute Tolosako ikastetxe desberdinetako ikasleekin. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!