Urriaren 7an hasiko da Titereszenaren 41. edizioa

Aitor Arroyo Askarai 2023ko ira. 27a, 19:59

Denetariko jarduerak antolatu dituzte udazkenetik udaberrira, tartean, ikuskizunak, tailerrak eta bisita gidatuak museoan, haren biltegian eta baita Tolosan zehar ere.

Gaur goizean aurkeztu dute Titereszenaren 2023-2024 ikasturterako programa Tolosako Topic-en. Aurten ere egitarau oparoa antolatu dute urritik maiatzera: nazioarteko hainbat konpainiaren ikuskizunak, askotariko tailerrak, erakusketak, bisita gidatu antzeztuak, bisitak biltegira... Eta hainbat berrikuntza ere iragarri dituzte, horien arten, tailer ibiltariak eta ginkana herriko interes guneetan zehar.

Hilean bana, denboraldi osoan zortzi ikuskizun jasoko ditu antzokiak eta hainbat herrialdetatik etorriko dira konpainiak, hain zuzen, Uruguaitik, Frantziatik, Kataluniatik, Valentziatik eta Espainiatik. Horrez gain, izango da lekurik bertako lanentzat ere, ‘Kelonia eta Itsasoa’ eskainiko baitu Euskal Herriko ‘Gorakada’ konpainiak.

Aurten ere Madrilgo Zentro Dramatiko Nazionalarekin elkarbanatuko du programa Topic-ek, eta Aitor Imaz Tolosako Ekinbide Etxeko lehendakariak nabarmendu du «ohore handia» dela horretan jarraitzea.

Aurkezpenean izan da, baita ere, Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hezkuntza politikarako ahokularia, eta Tolosak «txotxongiloen aldeko apustua» egin izana goraipatu du: «Sortzaileentzat eta erabiltzaileentzat museoa, antzokia eta lantokia da Topic. Eredu hori txalogarria da».  Muñozentzat «beharrezko luxu  bat» da Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroa: batetik, beharrezkoa,  sortzaile eta zale berriak sortzen omen dituelako; eta, bestetik, luxua, «programatzaile paregabea» delako.

Andu Martinez de Rituerto alkateak ere esker oneko hitzak zuzendu dizkie antolatzaileei: «Kalitatezko eskaintza guregana gerturatzeko ahalegina eskertu nahi nizueke Ekinbideako eta Topic-eko lantalde osoari».

KALERA ATERATZEKO ASMOA
Estitxu Zalduak eta Juanjo Herrerok bigarren urtea dute zentroaren zuzendaritzan, eta biek ala biek ezinbestekotzak jotzen dute erakundeetatik jasotako laguntza. Programazioa eta egitaraua aipatu ondoren, Zalduak kontatu du zuzendaritzaren helburuetako bat dela zentroaren jarduna «lau pareten artetik» ateratzea eta Tolosa ezagutaraztea Topic-en eta txotxongiloen eskutik.

Hain zuzen, hari horri tiraka aurkeztu ditu programako zenbait jarduera: tailer ibiltariak, barazki txotxongilo tailerra eta Tolosan ginkana moduko ibilbidea. Lehenari dagokionez, berrikuntza nagusia da hemendik aurrera eskolek aukera izango dutela nahiaren araberako tailerrak ikastetxean bertan jasotzeko. Bestalde, barazki txotxongiloen tailerra urrian izan ordez martxoan egingo dute, eta kalean izango da. Joan den urtean egin zuten lehen aldiz kalean, eta aurten ildo berari eutsiko diote.

ELKARLAN BERRIAK
Zabaltze lanei lotuta bada beste berrikuntzarik ere: azaroan, Titirijai jaialdiaren aurretik, Azpeitiko euskal antzerki topaketetan erakusketa berri bat antolatuko dute, eta tailer berezi bat ere egingo dute. Zalduaren esanetan «ikusleria ikaragarria» du aipatu topaketak: «Aukera emango digu daukagun altxor hau gero eta gehiago ezagutarazteko».

Horrez gain, zuzendari kideak nabarmendu du aurrez aipatutako bisita antzeztuek «kalitatea irabaz dezaten» elkarlanean aritu direla Dantzerti Euskadiko Arte Dramatikoaren eta Dantzaren Goi Mailako eskolarekin. 

IKUSKIZUNAK
  • Urriak 7: Hai, la pescadora de sueños. Giramagic (Katalunia). 3 urtetik gora. Hitzik gabe. Topic, 18:30.
  • Azaroak 11: La llamada del mar. Mots de tete compagnie (Frantzia). 6 urtetik gora. Gazteleraz. Topic, 18:30.
  • Abenduak 16: Kelonia eta itsasoa. Gorakada (Euskal Herria). 5 urtetik gora. Hitzik gabe. Topic, 18:30.
  • Urtarrilak 13: Cucu. Bambalina (Valentzia, Herrialde Katalanak). 5 urtetik gora. Topic, 18:30.
  • Otsailak 3: Trapos. Coriolis (Uruguay).  4 urtetik gora. Hitzik gabe. Topic, 18:30.
  • Martxoak 9: Juego de las sillas. Cal Teatre (Herrialde Katalanak). 5 urtetik gora. Topic, 18:30.
  • Apirilak 27: Ricdin - Ricdon. Aufur & Enmesures (Frantzia). 8 urtetik gora. Topic, 18:30.
  • Maiatzak 11: Vida. Javier Aranda (Zaragoza, Espainia). 7 urtetik gora. Topic, 18:30.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!