Usabal irekitzeko aukera «sakon» aztertzea eskatu du EAJk

Ataria 2023ko ira. 27a, 13:44

EH Bilduko Udal Gobernuak «azterketa asko eta erabaki zehatz gutxi» egin dituela esan zuen Eusko Alderdi Jeltzaleak atzo egin zuen 100 eguneko jardunaren balorazioan.

«Azterketa asko eta erabaki zehatz gutxi» egin direla esan du EAJ alderdiak Tolosako Udalaren legealdiko lehen 100 eguneko balantzea egitean. Hala, EH Bilduren udal gobernuari Legealdi Plana zehazteko eskatu dio, «datozen lau urteetarako Tolosari eskaintzen dioten bideorria ezagutzeko». Gardentasuna, parte hartzea eta lankidetza aipatzea gauza bat dela dio EAJk, «orain hori guztia ekintzetan erakustea dagokio udal gobernu berriari».

EAJren ustez, une honetan «lehentasuna» Usabal kiroldegiaren afera da, «egoera oso larria» delako, «gehiegi» luzatzen ari delako, eta sortzen ari diren «albo-kalte asko konponezinak» direlako. EAJk esan du kiroldegiak itxita daraman epe horretatik ikaskizun bat atera dutela: «alderdikeriaz errudunak bilatzea oso ariketa erraza da, eta konponbidea bilatzea, aldiz, askoz ere zailagoa».

Ildo horretatik, Tolosako Udalak kiroldegia kudeatzen duen BPX enpresarekin kontratua etetea «kezkaz» hartu dutela esan du alderdi jeltzaleak. «Erabakia udaleko teknikariek zein kanpoko aholkulariek egindako txostenetan oinarrituta hartu da, eta bertan ondorioztatzen omen da  enpresari ez zaiola kalte ordainik ordaindu beharko». Bada, EAJk txosten horien berri ez duela esan du, eta beraiek egin dituzten kontsulten arabera enpresa kontratua etetearen aurka agertzen bada, «derrigorrezkoa» da Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren aldeko txosten juridikoa lortzea. Esan dute posible dela txosten hori aldekoa edo kontrakoa izatea eta kalte ordainen kasuan, ez dagoela «argi» nola amaitu daitekeen uste dute. Plegu berriak argitaratuz gero, langileen eskakizunak bermatu ahal izatea zalantzan jartzen du EAJk. 

Bada, EAJk enpresaren eta langileen arteko adostasunaren aldeko deia egin du, eta bien bitartean, udalari eskatu dio Usabal irekitzeko aukera «sakon eta urgentziaz» azter dezatela, baliabide propioekin.


ZubiBerria
Bestalde, datozen lau urteetarako udal gobernuaren bideorria ez dutela ezagutzen, eta herritarrei ere ez zaiela aurkeztu salatu du EAJk. Hala, esaterako, Zubiberriaren inguruan udalaren jarrera zein den argitzeko eskatu dute: «izan ere, duela hilabete gutxi, URA agentziak zubia ordezkatzearen inguruko proposamena Tolosako Udalari helarazi zionean, haren kontrako jarrera azaldu zuen EH Bilduk; orain, berriz, Tolosak uholdegarritasun arazoak dituela eta zubiaren ordezkatzea ez da deskartatzen». Era berean, EAJk esan du ez duela ulertzen Zubiberriaren gaiak zertan baldintzatzen duen Zumarditxikia birgaitzeko proiektua; «urteak hartu dituen gai bat alboratu du udal gobernuak».

Zumarditxikiaren birgaitzearekin loturiko gaia da aparkalekuena, eta alderdi jeltzaleak esan du aurreko legealdian azterketak egin eta gero, «neurriak eta apustuak» zehaztea falta dela. Hala, beste azterketa integral bat egiteaz harago zein neurri hartuko diren jakinarazteko eskatu dio udal gobernuari.

Etxebizitzaren gaia ere «lehentasuna» dela uste dute jeltzaleek, eta zentzu horretan, Amarotz auzoko etxebizitza babestuen promozioa «ekarpen on» bat izan daitekeela esan dute. udal gobernuak azterketa berri baten beharra azaldu du, eta zehazki zer den aztertu nahi dena azaltzeko eskatu du EAJk. Gainera, azterketa berria egitearekin proiektua atzeratu daitekeela uste dutela adierazi dute.

Apatta industriagunearen inguruan dituzten zalantzak ere argitzea eskatu du aldedi jeltzaleak. «Izan ere, hainbat enpresak industriaguneko bigarren fasean interesa azaldu dute, baina horretarako, beharrezkoa da garapenaren epemuga zehatzak ezagutzea, inbertsioak planifikatu ahal izateko edo beste kokagune bat bilatzen hasteko».

Jarrera «eraikitzailea»
EAJk adierazi du oposizio «eraikitzailea», eta aldi berean, «zorrotza eta irmoa» egitea dela euren asmoa. «Udal gobernuaren proposamenak sakon aztertu, ondoren baloratu eta beharrezkoa denean proposamen alternatiboak mahagaineratuko ditugu», esan dute. Era berean, EAJren udal taldea erabakiak hitzartzeko prest dagoela azaldu du , «jakinda ere, udal gobernuak gehiengo osoa duela, eta ez duela behar aritmetikorik». Horrek, «denbora eta elkarrizketarako borondatea» eskatzen duela gehitu dute jeltzaleek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!