Bi garaipenekin hasi da 1. Maila Nazionaleko taldea

Imanol Garcia Landa 2023ko ira. 27a, 07:59

Tolosa CF eskubaloiko 1. Maila Nazionaleko taldea. TOLOSA ESKUBALOIA

Tolosa CF Eskubaloiko gizonezkoen lehen taldeak entrenatzaile berria du, Alex Nogues. Bigarren etapa du klubean, eta helburua laugarren postua lortzea dela dio.

Martxan jarri da gizonezkoen eskubaloiko 1. Maila Nazionaleko kategoria. Bi partida jokatu dituzte, Tolosa CF Eskubaloiak bietan garaipena lortu du, eta bigarrena dago sailkapenean. «Irabazi diegun lehen bi aurkariak ez dira multzoko hiru faboritoak», esan du Alex Nogues entrenatzaileak. «Romo, Casademont eta Zarautz dira hiru talde indartsuenak, eta gure helburua da laugarren postuan egotea. Ikusten badugu beste hiru horietako batek huts egiten duela, ea posible den gorago amaitzea».

Romo eta Casademont taldeek apustua egina dute Zilarrezko mailara igotzeko, eta Zarautz jaitsi berri da maila horretatik. Ligako lehen bi postuak sailkatzen dira igoera faserako, eta aurtengo helburua hor egotea dela zabaltzea gehiegi esatea dela dio.

Taldea egiten ari den jokoarekin gustura dagoela esan du Noguesek, denboraldiaurrean landutakoa partidetara ondo eramaten ari direlako. Bestalde, lehenengo hiru partidak etxetik kanpo jokatuko dituztela nabarmendu du: «Oraingoz ondo doa, baina arazo bat izan zitekeen».

Aurreko denboraldiko taldea mantentzea lortu dute, eta Dani Mendinueta itzuli egin da Tolosara. Bi jokalari, Xuban Otero eta Eneko Jimenez, Erasmus programarekin kanpoan daude ikasten, eta denboraldian zehar itzuliko dira. Bestalde, bigarren taldeko jokalariak ere igo dituzte lehen taldera.

Alex Noguesentzat bigarren etapa da Tolosan. 2013/2014 denboraldia hasi zela iritsi zen eta 2018/2019 denboraldia arte egon zen. Tartean taldea Zilarrezko Mailara igo zen. «Aurretik bertan egon nintzen urteak onak izan ziren, asko disfrutatu genuen», azaldu du Noguesek Tolosara itzultzearen arrazoia galdetzean. «Gero, harrobi ona izaten jarraitzen du, jende gaztearekin gauza onak egiteko. Zuzendaritzatik deitu naute berriro bueltatzeko, eta uste dut Bera Bera taldean egindako zikloa bukatu zela». Bera Bera taldean bigarren entrenatzaile zein estatistiken buru eta aurkarien analista moduan aritu da.

Kluba berak utzi zuen moduan dagoela esan du Noguesek: «Aurpegi batzuk aldatu dira, baina 1. Maila Nazionalean egonkortuta dagoen kluba da, oinarrizko estruktura on bat duena. Nire garaian ez zegoen emakumezkoen atala, eta orain bai, eta horretan ere hobekuntzak egin dira». Bestalde, bera joan zenetik lau edo bost jokalari daudela gaur egun zehaztu du: «Besteak harrobitik iritsitako jokalariak dira, batzuk gurekin entrenatutakoak, eta beste batzuk beheko mailakoak, gora igotzen joan direnak eta maila mantendu dutenak».

Usabal kiroldegia itxita egoteak entrenatzeko buruhausteak sortzen dituela dio entrenatzaileak: «Denboraldiko arazo handiena hori izaten ari da guretzat. Astean hiru aldiz bakarrik entrenatzen dugu, berez lau egunetan aritu beharrean. Aurreko astean bi egunez bakarrik aritu ginen, eta horrelako kategoria batean ez da egokiena».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!