Jarduera ugari antolatu ditu Tolosako Jabetze Eskolak

Ataria 2023ko ira. 26a, 19:59

Udazken-negurako antolatu duten egitarauak 19 ekimen izango ditu guztira; urritik martxora bitarte izango dira eta izen ematea zabaldu dute dagoeneko.

Jabetze Eskola emakumearen jabetzea eta parte hartze soziopolitikoa sendotzera bideratutako espazioa da, gizarte justu, anitz eta osoago bat lortzeko. Horrela, berdintasuna eta feminismoa ardatz hartuta, mota askotariko jarduerak eskainiko ditu udazken-negu honetan. Hain zuzen, 19 dira aurtengo egitarauak jasoko dituen ekimenak, Tolosaldea Garatzeneko Aniztasun sailarekin, Udal Liburutegiarekin, Gazteria arloarekin, Foru Aldundiarekin eta beste hainbat elkarterekin elkarlanean antolatuak.

Iaz bezala, egitarauaren baitan jasotako ekimenetako batzuk emakumeek kultura- eta arte-esparruetan duten parte-hartzearekin lotuta egongo dira. Beste batzuk, halaber, ongizate emozionala, gorputzekoa eta sexu-afektiboa sendotzera zuzenduta, ikuspegi feministatik. Horren inguruan antolatu dituzten tailer zein hitzaldietako batzuk gazteei zuzenduta egongo dira.

Era berean, erreminten erabilerari edo, ohituraz maskulinitateari loturiko jardueretan emakumeen gaitasunak handitzeko tailerrak ere eskainiko dituzte. Autodefentsa feministako tailerrek ere ez dute hutsik egingo aurtengo egitarauan, eta batukada feminista edo euskal emakume idazleen irakurketa kluba eta munduko emakumeen literatur taldearekin antolatutakoak ere izango dira tartean. Horrez gain, iazko arrakastari erreparatuta, boxeo ikastaroa ere antolatu du Jabetze Eskolak aurtengoan. Oraingoan, berriz, helduei zuzenduta egongo da.

Jarduera guztiak aurrez aurrekoak izango dira, gehienak, Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxean. Hala ere, kultur etxean eta Amarotz Auzo Elkartean ere egingo dituzte batzuk.

Ohi bezala, aurtengoan ere beste hainbat ekimen berezi antolatu dituzte Jabetze Eskolako Guretzako gunean garatzeko. Jatorri anitzeko emakumeentzako aisialdi, laguntza eta elkartasun espazioa da, Tolosaldea Garatzeneko Migrazio eta Aniztasun sailarekin elkarlanean garatzen dena. Bertan, bi tailer egingo dituzte; batetik, kosmetika naturala egiten ikasteko tailerra, eta bestetik, intersekzionalitateari eta feminismo dekolonialari buruzko tailerra.

Izen ematea zabalik
Jarduera guztiak urritik martxora bitarte eskainiko dituzte eta parte hartzeko ezinbestekoa izango da aurrez izena ematea. Matrikulazioa dagoeneko zabalik dago Tolosako Udalaren webguneko Berdintasun sailean, eta interesdunek tailerra hasi baino   bi egun lehenagora arte eman ahalko dute izena. 

Izapideak online egin beharko dira, baina, zailtasunak izanez gero, informazioa eta laguntza eskatzeko 943 67 03 83 telefono zenbakira deitu edo berdintasuna@tolosa.eus helbidera idatzi ahalko dute. Guretzako gunearekin harremanetan jartzeko, 646 057 080 zenbakira deituz edo migrazioa@tolosaldea.eus helbidera idatziz egin beharko da.

 

Egitaraua

  • Emakumeen arteko kantua berreskuratzen. (Urriak 16, 23; azaroak 6, 7. Astelehenak, 18:00-20:00, Andragoran). Euskaraz eta Gazteleraz. Matrikula: 5 euro.
  • Batukada feminista. (Urriak 17, 31; azaroak 14, 28; abenduak 12; urtarrilak 9, 23; otsailak 6, 27. Astearteak, 18:30-20:30, Amarotz Auzo Elkartean). Euskaraz. Matrikula: 10 euro.
  • Xilografia tailerra (linolio gainean): Sormenak eta aldarrikapenak plazara!. (Urriak 17, 24, 31; azaroak 7, 14 21, 28; abenduak 5. Astearteak, 18:00-20:00, Tolosako Kultur Etxean). Euskaraz. Matrikula: 10 euro.
  • Biodanza: Otra mirada. (Urriak 18,25; azaroak 8, 15, 29. Asteazkenak, 17:30-19:00, Andragoran). Gazteleraz. Matrikula: 10 euro.
  • Sormenezko argazkigintza ikuspegi feministatik. (Urriak 18, 25; azaroak 8, 15, 22, 29; abenduak 13, 20. Asteazkenak, 18:00-20:00, Andragoran). Euskaraz. Matrikula: 10 euro.
  • Nuestras emociones pintadas. (Urriak 18, 25; azaroak 8, 15, 22, 29. Asteazkenak, 15:00-17:00, Andragoran). Gazteleraz. Matrikula: 10 euro.
  • Euskal emakume idazleen irakurketa feminista taldea. (Urriak 26; azaroak 30; urtarrilak 25; otsailak 29. Ostegunak, 18:00-20:00, Andragoran). Euskaraz. Matrikula: 5 euro.
  • Boxeo-tailerra. (Urriak 19. Osteguna, 17:30-20:30, Andragoran). Euskaraz eta Gazteleraz. Matrikula: Doan (aurrez izena eman behar da).
  • Sormen akelarrea! Hartu pintzelak eta dibertitu!. (Urriak 26; azaroak 2, 9, 16, 23. Osteguna, 18:00-20:00, Andragoran). Euskaraz. Matrikula: 10 euro.
  • Hil Arte Bizi: Heriotzaren aurrean ere, geure erara (2. zatia). (Azaroak 7, 14, 21, 28. Asteartea, 17:30-20:00, Andragoran). Euskaraz. Matrikula: 5 euro.
  • Hilekoa, autoezagutza eta ziklikotasunari buruzko tailerra (11-14 urteko neska gazteentzat). (Azaroak 9, 16. Osteguna, 17:30-19:30, Tolosako Kultur Etxean). Euskaraz. Matrikula: Doan (Aurrez izena eman behar da).
  • Taller de manejo de herramienta de mano. (Azaroak 11. Larunbata, 9:30-14:00, Andragoran). Gazteleraz. Matrikula: 5 euro.
  • Grupo de Literatura de mujeres del mundo. (Azaroak 15; abenduak 13; urtarrilak 17; otsailak 14; martxoak 6. Asteazkenak, 18:00-20:00, Andragoran). Gazteleraz. Matrikula: 5 euro.
  • Gozamenaren bideak, desiraren bidezidorrak (18-30 urteko neska gazteentzat). (Urtarrilak 11. Osteguna, 17:30-20:00, Andragoran). Euskaraz. Matrikula: Doan (Aurrez izena eman behar da).
  • Autodefentsa feminista (18-30 urteko neska gazteentzat). (Urtarrilak 22. Astelehena, 17:30-20:00, Andragoran). Euskaraz. Matrikula: Doan (Aurrez izena eman behar da).
  • Sangre y resistencia. Políticas y culturas alternativas de la menstruación" liburuaren aurkezpena. (Urtarrilak 31. Asteazkena, 18:00-20:00, Andragoran). Euskaraz. Matrikula: Doan (Aurrez izena eman behar da).
  • Mahai-ingurua: Emakumeen eta feminismoaren memoria espazio publikoetan. (Otsailak 27. Asteartea, 18:00-20:00, Andragoran). Euskaraz eta Gazteleraz. Matrikula: Doan (Aurrez izena eman behar da).

Guretzako: Jatorri anitzeko emakumeentzako gunea

  • Kosmetika naturala egiten ikasteko tailerra. (Urriak 20. Ostirala, 17:00-20:00, Andragoran). Euskaraz eta Gazteleraz. Matrikula: Doan (Aurrez izena eman behar da).
  • Taller sobre Interseccionalidad y feminismo decolonial: de la teoría a la práctica cotidiana. (Azaroak 6. Astelehena, 17:00-19:00, Andragoran). Gazteleraz. Matrikula: Doan (Aurrez izena eman behar da).

Egitarau guztia hemen ikusgai.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!