Greban dauden Usabal kiroldegiko langileek manifestaziora deitu dituzte herritarrak urriaren 5erako. 18:30ean aterako dira Trianguloa plazatik, eta deialdiarekin afera honetan erantzukizuna duten enpresa kudeatzailea eta administrazioren ardura nabarmendu nahi dute. «Gatazka honi konponbide bat emateko eta kiroldegia normaltasunez irekitzeko euren erantzukizuna eskatuko diegu bai enpresari eta baita administrazioari ere. Hortaz, elkar batzeko deia egiten dugu», esan dute.
Langileek esan dute azkenaldian presioa jasaten ari direla eta euren lan baldintzak hobetu nahi dituztela gogorarazi nahi izan dute: «Behin eta berriz esan dugu zein diren gure lan baldintzak eta behin eta berriz adierazi dugu zein diren gure aldarrikapenak; lan ordu oro ordaintzea, klase prestakuntza, KPIaren eguneratzea, garbitzaileen soldata arrakala murriztea... Ez al dugu eskubiderik gure lan baldintzak hobetzeko borrokatzeko?».
Era berean, barkamena eskatu diete kiroldegiko erabiltzaile diren Tolosako eta Tolosaldeko herritar guztiei, «eurak baitira egoera honen ondorioak jasaten ari direnak. Momentu gogorrak dira denontzat, inork merezi ez dituenak. Kiroldegia Tolosaldea guztiko kirol erreferente bihurtu da urte hauetan eta honen itxierak hainbat buruhauste eta ezbehar ekarri dizkigu guztioi».
Kiroldegiko kudeaketa
Gehitu dute grebak ezbaian jarri duela kiroldegiko kudeaketan erabili den modeloa eta kontratu mota, «argi gelditu baita, kudeatzen duen enpresak langileen gutxieneko lan baldintzak ez bermatzeak , guztiona den kiroldegiaren erabilpena kolokan jartzen duela».
Kirol taldeek jasaten ari diren kalteen inguruan esan dute ulertzen dutela euren ezinegona, baina talde horietako batzuk egoeraren ardura langileengan jarri dutela salatu dute: «Errealitatea da, udalak, 10 urteko emakida kontratu bat esleitu ziola BPX enpresari. Honela, BPX enpresa langileen, kirol taldeen eta udalaren gainetik jarriz kiroldegiaren baitan ia erabaki guztiak hartzerako garaian».
Euren ustez ulergaitza dena da udalak inbertsio fondoa atzetik duen enpresa batekin kontratu mota hau sinatu izana «inolako zerbitzuaren bermerik gabe eta inolako esku-hartzeko aukerarik gabe». Honela, kiroldegiaren etorkizuna 10 urtez inbertsio fondo horren eskutan utzi dutela salatu dute eta bide batez langileen lan baldintzen negoziaketa erabat baldintzatu dutela. «Hau honela eta kontratu mota hau gauzatuta, enpresaren borondate onera kondenatuak izan gara langileak. Badakigu batzuentzat desproportzionatua izango dela borroka, beste batzuentzat enpatia falta izango dugula. Baina, enpresak ez du borondaterik izan egoera hau iraultzeko eta haatik, mobilizazioetara kondenatuta izan gara langileak».
Langileen diote azkenaldia presio handia jasaten ari direla eta entzuten ari diren hainbat konturi erantzun nahi izan diote: «ELA, erresistentzia kutxa, Gipuzkoako hitzarmenik onena dugula (gezurra dena) , desproportzionatua dela, enpatia eta horrelako beste hainbat hitz entzun ditugu bai sare sozialetan eta baita komunikabideetan ere, beti ere fokua langileongan jarrita. Badirudi batzuentzat diana argi dagoela non dagoen, baina, benetan norbaitek uste du beste aukeraren bat balego greba egingo genuela? Hitzarmen duin bat izateak ez du ematen eskubiderik bera eguneratzeko?».
Hitzarmena
Salaketa gehiago ere egin dituzte langileek, izan ere, azken egunetako gertakariak ikusita eta «interes partikular edo politiko batzuengatik guregan zuzendu den presioa ikusita, bere eskaintza atzera bota du et probintzia mailako hitzarmenera bideratu nahi gaitu. Tolosako langileok lau hilabete daramatzagu greban gure lan baldintzak hobetzeko eta horretarako eskubidea daukagu. Baina BPX enpresak, negoziatu beharrean hitzarmen probintziala aplikatu nahi digu». Esan dute probintzia mailako hitzarmena ezarrita 2028rarte ez dutela inolako soldata igoerarik izango. «Hau da negoziaziorako borondate ona? Hau da gatazka honi irtenbidea bilatzeko enpresaren modua? Barkatuko diguzue, baina egoera honen aurrean eta enpresaren jarrera ikusita, guk gure lan baldintzengatik borrokan jarraitzea beste aukerarik ez dugu».
Horiek horrela borrokatzea tokatzen zaiela esan dute datozen urteetako lanpostuak eta lan baldintzak daudelako jokoan. Horregatik egin diete dei herritarrei urriaren 5ean 18:30ean Trianguloatik aterata egingo dute manifestaziora. «Gatazka honi konponbide bat emateko eta kiroldegia normaltasunez irekitzeko enpresaren eta administrazioaren erantzukizuna eskatuko diegu. Hortaz, elkar batzeko deia egiten dizuegu».