Martxelo Otamendi protagonista, Sormenetiken

Ataria 2023ko irailaren 26a

Irailaren 30ean izango da saioa, 12:00etan hasita, Tolosako Zerkausiko azpialdean. Elkarrizketa eta musika uztartuko ditu saioak eta Otamendiren bizitzaren eta bizipenen inguruan jarduteko aukera izango da.

Irailaren 30ean izango da Sormenetiken urteko bigarren saioa. Sormenari eta euskal kulturari buruz gogoeta egiteko saioak izan ohi dira Tolosako Zerkausiaren azpialdean antolatzen direnak. 2023ko bigarren saioan Martxelo Otamendi kazetari ezaguna izango da hitzorduko protagonista. Elkarrizketa eta musika uztartuko ditu saioak eta Otamendiren bizitzaren eta bizipenen inguruan jarduteko parada polita ere izango da. Hitzordua 12:00etan hasiko da, Tolosako Zerkausiko azpialdean, TAK arraun klubak duen gunean.

Tolosako kale erabilera neurketek adierazten dutenez, euskara indartsuen larunbateroko azokaren bueltan dago eta Sormenetiken bitartez euskara indartsuen dagoen guneari hauspo berria eman nahi zaio. Bestetik, kultur espresio ezberdinak gune berean batu asmo dira, kultur hausnarketarako eta heziketarako gune bilakatu eta bateko eta besteko herritarrak eta kultur espresioak ezagutzera emateko. Hori dela eta, euskara, sorkuntza eta azoka elkarren artean aberasteko, Sormenetiken edizio berri honetan ere publikoak euskal sortzaileen ikuspegia zuzenean jasotzeko aukera izango du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!