Loinatz abesbatzaren kontzertu berezia, larunbatean, Tolosan

Ataria 2023ko ira. 25a, 11:59

Hodeiertz abesbatzak 40 urte betetzen dituela eta, emanaldi berezia antolatu du larunbatean, San Frantzisko elizan; 20:15ean hasiko da kontzertua. Urriaren 28an, Tolosako Nazioarteko Abesbatza Lehiaketan kontzertu berezia egingo du Tolosako koruak.

Hodeiertz abesbatza bere 40. urteurrena ospatzen ari da aurten, eta efemeride berezia bada ere, ez du urteroko jarduna alde batera utzi. Hala, aurten ere Kantik Ahots Musika Zikloa antolatuko du, bosgarren aldiz. Bi kontzertu erakargarri bilduko ditu edizio honek. Lehena, irailaren 30ean, larunbat honetan, izango da, eta Beasaingo Loinatz abesbatzak emango du. «Aski ezagunak eta ia bizilagunak izatea ez da, ordea, kalitate faltaren sinonimo», esan dute Hodeiertzetik.

1939an sortua, Loinatz abesbatzak hainbat zuzendari izan ditu, besteak beste Xabier Sarasola, Junkal Guerrero edota Jon Aizpuru musikariak. Denbora horretan, Espainiako hainbat sariketa irabazteaz gain, Londresko Westminster katedralean kantatzera iritsi da, disko bat grabatu du XX eta XXI. mendeko euskal sorkuntzak bilduz eta hainbat kontzertu eman ditu Kalakan talde ezagunarekin. Gaur egun, Aitor Garitano tenor bergararrak hartu du taldearen zuzendaritza. Gaztea izanagatik, eskarmentu handiko musikaria da jadanik, nazioarteko maisu handiekin trebatu baita.

Irailaren 30eko kontzertua San Frantzisko elizan izango da iluntzeko 20:15ean, eta sarreraren prezioa 5 eurokoa izango da. Loinatz koruak musikari euskaldunen zein nazioarteko autoreen obraz osaturiko egitarau erakargarria prestatu du, entzungarria eta atsegina. Beraz, nahi duen oro gonbidatuta dago kontzertura. Kantik zikloko hurrengo hitzordua, berriz, urriaren 7an izango da, Zaragozako Teselas taldea izango delarik entzungai.

Azkenik, Hodeiertzen urtemuga bereziak bere isla izango du datorren urriaren 28an, Tolosako Nazioarteko Abesbatza Lehiaketaren egitarau barruan antolatuko den kontzertu berezian. Bertan bilduko dira 40 urteko historian bidean lagun izan dituen beste hainbat musikari, eta gainera, gonbidapen berezi bat luzatu zaie denbora horretan abesbatzako kide izan diren guztiei, beraiek ere aukera izango baitute kontzertuan kantatzeko. Animatuz gero, abesbatzarekin harremanetan jar daitezke, sare sozialen bidez edo abesbatza.hodeiertz@gmail.com helbidera idatzita.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!