Charleville-Mézièresekin senidetzan sakontzeko bisita instituzionala egin du Tolosako Udalak

Ataria 2023ko irailaren 25a

Frantziako udalerriko udalak, bertan ospatzen den Txotxongiloen Nazioarteko Jaialdiaren aitzakian, Tolosako ordezkaritza bat gonbidatu du. Tolosako hiru hezkuntza zentroekin elkartrukea egiten duen ikastetxea ezagutzeaz gain, sei hirietako kultur proiektuen berri izan dute bidaian.

2019tik senidetze akordioa du Tolosak Charleville-Mézières (Frantzia) herriarekin eta, lotura horretan gehiago sakontzeko helburuarekin, frantziarrek Tolosako ordezkaritza bat jaso zuten pasa den astean. Kultura, hezkuntza, gastronomia, elektro-mugikortasuna eta industria 4.0 dira hitzarmenaren lan-lerro nagusiak eta, batik bat, lehen bietan zentratu dira bisita honetan.

Hasteko, Orixe, Herrikide eta Laskorain ikastetxeetako ikasleekin elkartrukea egiten duen Saint Paul Lizeoa bisitatu zuten, beraien hezkuntza proiektua bertatik bertara ezagutzeko. Hain zuzen, abenduan bidaiatuko dute bertara ikasle tolosarrek; 2024ean egingo dute elkartrukearen bigarren zatia, orduan bisitatuko baitute gure herria frantziarrek. 

Txotxongiloak dira senidetzearen beste ardatzetako bat, Topic zentroari esker. Bi urtez behin bertan ospatzen den Nazioarteko Jaialdiarekin bat egin du bisitak, gainera. Zenbait kultur ekipamendu bisitatzeko aukera izan zuten.

Harrera instituzionalean, Boris Ravignon Charleville-Mézièreseko alkateak, Tolosako ordezkariak ez ezik, beste bost hiriren ordezkaritzak jaso zituen udaletxean, Alemaniako d’Euskirchen, Dulmen eta Nordhausen, Frantziako Nevers eta Hego Koreako Chuncheon hirietakoak, hain zuzen. Hitzordu hori, herri bakoitzaren kultur proiektuak ezagutzera emateko baliatu dute.

Andu Martinez de Rituerto alkateak, Goiuri Eceiza Kultura zinegotziak eta Garikoitz Lekuona Komunitate eta Gobernantzako teknikariak osatu zuten udalaren ordezkaritza. «Honelako bisitak interesgarriak dira egiteko beste modu batzuk ezagutzeko eta esperientzia ugari elkarbanatzeko. Senidetzean lan-lerro gehiago ditugu, eta horietan gehiago sakondu nahiko genuke. Gainera, gisa honetako senidetze gehiago ditu Tolosak, Uztaritzerekin esate baterako, eta hori ere gehiago indartzea da gure asmoa, proiektu eta sinergia interesgarriak sortu baitaitezke lankidetza hauei esker», azaldu du Martinez de Rituertok.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!