Auto klasikoek liluratuta

Ataria 2023ko irailaren 23a

Auto klasikoen birak Tolosan egin du geldialdia, eta Ferialekua garai bateko autoen erakustoki bilakatu da, zaleen gozamenerako.

San Sebastian Circuit Spirit auto klasikoen seigarren bira abiatu zen atzo Donostiatik, eta gaur eguerdian Tolosan egin du geldialdia. Hain zuzen, Ferialekuan utzi dituzte autoak parte hartzaileek, eta ondoren, bertan bazkaldu dute.

Gainera, herritarrek auto bereziak bertatik bertara ikus zitzaten hainbat auto Plaza Zaharrera eraman dituzte. Horien ondorik igaro diren herritar gehienek gauza bera egin dute, mobila atera eta argazkia egin, alegia. Gainerako autoak Ferialekuan egon dira ikusgai, birako parte hartzaileek bazkari legea egiten zuten bitartean.

Denetariko autoak ikus zitezkeen, baina, batik bat klasikoak, film zaharretatik ateratakoak ziruditenak. Baziren, baita ere auto modernoak, kirol erakoak eta gama altukoak, gehienak Porsche etxekoak. Batekoek zein bestekoek, zale ugari erakarri dituzte, eta ez dute horiek gertutik ikusteko aukera galdu nahi izan.

Bazkaltzez amaitu dutenean ikuskizuna areagotu egin da, autoetako motorrak piztu eta errepidera atera dituztenean. Hala, San Frantzisko pasealekua, Nafarroa etorbidea, Santa Klara eta Larramendi zubitik igaroz atera dira Tolosatik. 100 auto baino gehiago ari dira parte hartzen biran, eta Tolosan geldialdia egin ostean, beste hainbat herri zeharkatuko dituzte. 

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!