Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari izateari utziko dio Kike Amonarrizek

Ataria 2023ko irailaren 22a

Gaur arratsaldean batzarra du erakundeak Ermuko Izarra Centerren, eta Irati Iziar izendatuko dute lehendakari, Amonarrizen ordezko.

Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria Irati Iziar izango da gaurtik. Batzarra du arratsaldean erakundeak Ermuko Izarra Centerren, eta han izendatuko dute lehendakari, Kike Amonarrizen ordezko.

Lau urte egin ditu Amonarrizek lehendakari. Kargu uztearen harira, euskalgintzak hamarraldiotan egin duen bidea goraipatu du: euskara sustatzeko «beso tekniko» indartsu bat garatu izana txalogarritzat dauka. Uste du gizartera begira dagoela orain erronka: «Nola aktibatu herritarrak? Nola aktibatu hiztunak? Nola aktibatu gizartea?». Garaia «konplikatua»dela azaldu du; «oldarraldi judizialaren» gisako mugimenduek argi uzten dute, adibidez, joera «atzerakoi» bat hizkuntzen arloan, baina, bestetik, «agenda soziopolitikoaren» lehen lerroan ere badaude hizkuntza gutxituekin lotutako gaiak, eta horiek kudeatzen asmatu behar da

Iziarrek Historia ikasketak ditu, UEU Udako Euskal Unibertsitateko Etengabeko Prestakuntzako Koordinatzailea da, eta Gasteizko mugimendu euskaltzaleko kide dinamizatzailea. 1975ean jaioa da, Oñatin. «Poza» azaldu du Iziarrek kargu hartzearen harira. «Topaguneak nigan ikusi du nirekin lan egiteko edo elkarrekin egoteko gogoa», adierazi du. Ardura ere sentitu du; areago, «bertigoa» ere badela esan du: «Kikeren ordezkoa naiz, ondorengoa, eta oso handia da bera».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!