Esnekin parte hartzeko izen ematea zabaldu dute

Ataria 2023ko ira. 21a, 19:59

Esneki azoka bereziaren bigarren edizioa ospatuko da azaroaren 3an eta 4an, eta lehiaketan zein azokan parte hartzeko aukera ireki dute. Eskaerak urriaren 20ra bitarte aurkeztu behar dira.

Euskal Herriko gazta eta esnekien inguruko profesionalen topaketa da Esneki, eta azaroaren 3 eta 4an Tolosako Trianguloa plaza, San Frantzisko ibilbidea eta Beotibar Frontoia hartuko ditu.

Esnekien azoka berezia eta Euskal Herriko gaztarik onena aukeratzeko lehiaketa egingo dituzte, besteak beste, eta azoka horretan parte hartu nahi dutenek nahiz lehiaketara aurkeztu nahi dutenek orain dute aukera. Izen ematea urriaren 20an bukatuko da eta horretarako Esneki.eus webgunera jo behar da. Bertan dago ere zeintzuk diren aurkeztu beharreko agiriak, bete beharreko baldintzak eta esleipen sistemaren inguruko informazio guztia.

Azokari dagokionez, Euskal Herrian ekoiztutako gaztak, jogurtak, izozkiak, kremak, mamiak eta orotariko esnekiak egongo dira, 60 postu guztira. Bi lehiaketa egingo dituzte; Euskal Herriko gazta onena hautatzekoa eta Frisoi Txapelketa. Gazta lehiaketan hamar mailatan banatuko dute lehiaketa; gazta fresko eta gaztanberak, gazta laktikoak, pasta bigunak, gazta urdinak, behi gazta onduak, ahuntz gazta onduak, ardi gazta onduak, pasta egosiak, gazta krema eta jogurtak. Maila bakoitzean beste bi azpi-kategoria ere izango dira, alde batetik, gaztagileak berak ekoiztutako esnearekin sortutakoena eta, bestetik, hirugarren bati esnea erosi eta eraldatzen dutenena. Azpi-kategoria bakoitzeko saridun bat egongo da, eta ondoren, txapeldunen txapelduna izango den gazta aukeratuko dute.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!