Zine emanaldi berezia, gaur, Alzheimerraren Nazioarteko Egunaren harira

Ataria 2023ko ira. 21a, 11:57

Alzheimerra eta senide eta zaintzaileen egoera hizpide dituen 'Un beau matin' (Una bonita mañana) filma eskainiko dute, 20:30ean Leidor Aretoan. Tolosako Udalak adierazpen instituzionala argitaratu du, aho batez, gaitz honek dituen ertz guztiak gizarteratzeko eta sentsibilizatzeko helburuarekin.

Irailaren 21eko Alzheimerraren Nazioarteko Egunaren harira, adierazpen instituzionala onartu du Tolosako Udalak, aho batez. Bide batez, Buru Bihotzez elkartearekin elkarlanean zine emanaldi berezia antolatu da biharko, eta herritarrei bertaratzeko dei egin die udalak. Hauxe da onartu den adierazpen instituzionala:

Alzheimerraren Nazioarteko Eguna: ahanzturan eror ez dadin

Memoria eta pentsatzeko ahalmena pixkanaka suntsitzen dituen garuneko nahasmendua da Alzheimerra. Oroimenaren galeraz gain, ordea, baditu bestelako sintoma kognitibo gehiago, baita portaerarekin lotutakoak ere.

Ondorioz, mendekotasun progresiboa jasaten dute gaixotasun hau pairatzen dutenek, eta pixkanaka ezinbestekoa izan ohi da zaintza iraunkorra, zaintzaile bat etengabe egoteraino.

Tolosaldean 700 herritar baino gehiagori eragiten die Alzheimerrak, zuzenean edo zeharka. Gisa honetako dementziak dituzten pertsonen zaintzaileek eta senideek ere biziki jasaten baitute arretaren eta zainketen karga fisiko eta psikikoa. 

Gainera, gero eta kasu gehiago antzematen dira 65 urtetik beherako pertsonen artean, nahiz eta, askotan, zahartzaroarekin bakarrik lotu izan den. 

Ezinbestekoa da, beraz, Alzheimerraren eta beste dementzia batzuen inguruan gizartea sentsibilizatzea, baita bere ondorioak sozializatzea ere, gaixoak eta haien familiak babestuta eta integratuta sentitu daitezen, eta estigmak gainditu ditzagun. 

Hain zuzen, dementziari buruz hitz egiteak, gaixotasunari buruz gehiago jakiteko ez ezik, aholkularitza lehenago bilatzeko ere bide ematen du. 

Horregatik, Tolosako Udalak, duen konpromisoa berresten du, irabazi asmorik gabeko Buru Bihotzez elkartearekin elkarlanean jarraitzeko, gaixoei eta beren familiei ahal den neurrian kalteak arintzeko jarduerak babestuz eta sustatuz.

Bada, bihar, Alzheimerraren Nazioarteko Egunean bertan, zine emanaldi berezia izango da Leidor Aretoan, Buru Bihotzez elkarteak Zineforumarekin batera antolatuta. Alzheimerra eta senide eta zaintzaileen egoera hizpide dituen Un beau matin (Una bonita mañana) filma eskainiko da, 20:30ean. 

Herritarrei bertaratzeko deia luzatzen die udalak, erronka sozial honi modu bateratuan aurre egiteko. Eta, oro har, gaixotasun honek zentzu askotan eragiten duena ahanzturan eror ez dadin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!