ELKARRIZKETA

«Ez da gauza bera pelikula bat telebistan edo zinema areto batean ikustea»

Imanol Garcia Landa 2023ko ira. 25a, 07:59

Jose Mari Lopetegi, Tolosako Leidor aretoaren sarreran. I.G.L.

Ostegunetan zinemazaleek hitzordua izaten dute Leidor aretoan. Tolosako Zine Forumaren saioak eskaintzen dituzte bertan, eta ohiko programaziotik aparte izaten diren filmak ikusteko aukera eskaintzen dute. Jose Mari Lopetegi tolosarra Zine Forumaren sortzailea da.

Hasi berri da Tolosako Zine Forumaren ikasturtea. Dagoeneko bi pelikula eman dituzte, Sisu eta Una bonita mañana. Azken hau atzoko saioan ematekoak ziren, Alzheimerraren Nazioarteko Egunaren harira. Ostegunetan izaten dira saioak, Leidor aretoan, 20:30ean. 40 urte baino gehiago ditu Zine Forumak, eta sorreratik dago Jose Mari Lopetegi (Tolosa, 1944). Berarekin batera taldean daude Iñigo Royo, Eduardo Alegria, Iñaki Goikoetxea, Simon Jauregi eta Stijn Callens.

Nola antolatzen zarete Zine Forum taldean?

Sei lagun gaude, denak zinema zaleak. Hilean behin biltzen gara eta bi aldizkari hartzen ditugu pelikulen berri izateko. Horrez gain, tarteka joaten gara aurretik pelikulak ikustera eta gure artean komentatzen dugu ea gustatu zaizkigun ala ez. Aldizkarian dauden kritikak begiratuz, erabakitzen joaten gara zein jarriko ditugun, zerrenda bat bidaltzen dugu Kultura sailera, eta beraiek jartzen dituzte. Denboraldi berri honetarako eskatu digute lehenengo bi hilabeteak osatzeko. Bestela, hilabete bateko programazioa bidali ohi dugu. Tarteka pelikula klasikoak jartzen ditugu.

Kultura sailarekin koordinatzen zarete, beraz.

Beraiek zehazten dute asteburuko programazioa eta bertan jarriko ez dituzten filmak ere proposatzen dizkigute. Hiru hilabete izan dira filmik jarri gabe, eta hor izan dira lau pelikula arrakasta handikoak. Horietako bat Barbie da, eta hori sartu dute asteburuko programazioan. Besteak Oppenheimer, Indiana Jones-en azkena eta Mision Imposible-ren azkena izan dira. Kultura sailetik eskaini zizkiguten eta Oppenheimer jarriko dugu. Ikusiko dugu beste biak sartzeko aukera izango dugun. Guk uste dugu egokiagoa dela hilero prestatzea zerrenda, asko aldatzen baita. Pelikulak estreinatu egin behar dira guk emateko. Tarteka ematen ditugu pelikula zaharrak, baina begiratzen joaten gara zer film estreinatzen dituzten.

 

«Tarteka ematen ditugu pelikula zaharrak, baina aztertzen joaten gara zer film estreinatzen dituzten»



Irizpidea zein izaten da pelikulak aukeratzerakoan?

Aldizkariak irakurtzen ditugu, eta zer kritika dauden aztertu. Zein den zuzendaria ere kontuan hartzen dugu, gero baita ere zer argumentu duen, eta erabakitzen dugu zein iruditzen zaigun interesgarria. Aztertzen dugu programazioak berak osotasunean zer itxura duen, eta horrela joaten gara osatzen.

Zinemaldietara-eta joaten zarete?

Joaten gara, baina bakoitza bere kasa. Horrek balio izan digu gero pelikula horiei buruz hitz egiteko eta zine forumean sartzeko aukera aztertzeko. Aurreko urtean joan nintzen, adibidez, Donostiako Zinemaldiko sail ofizialera eta Los Reyes del Mundo ikusi nuen; gustatu zitzaidan, eta hori proposatu nuen, baina justu asteburuko programazioan sartu zuten. Irailaren bukaeran emango dugun bat, Trenque Lauquen, uste dut Zinemaldian eman zutela, baina bestela Donostian ez dute ohiko programazioan jarri; lau ordu irauten ditu, beraz, luze samarra da, baina kritika onak ditu, eta horregatik sartu dugu guk gure programazioan.

Pentsatu ohi da Zine Forumean pelikula bereziak jartzen direla, ez direnak hain komertzialak.

Horrela izaten dira gehienetan, baina batzuetan gertatzen da Oppenheimer filmarekin gertatutakoa. Baita ere gertatu zen bere garaian L.A. Confidential pelikularekin. Hori guk eman genuen, eta James Bond-en pelikularen bat ere.

Astean saio bat eskaintzen duzue, baina lehen bi izaten ziren, ezta?

Pandemia eta gero jende gutxiago joaten da. Alde batetik ohiturak aldatu dira, eta bestetik plataforma berriak sartu dira, Netflix, HBO, Filmin eta horrelakoak. Beraz, leku guztietan gertatzen ari da jende gutxiago joaten dela zinema aretoetara. Lehen bi saio jartzen ziren, 19:15ean eta 21:45ean, eta lehen saioan 80 pertsona inguru joaten ziren eta bigarren saioan 30 edo gutxiago. Saio bakarra jarri denetik, behin ere ez da dira joan 100 pertsona baino gehiago. Orain 20:30ean da saioa, ordurako dendak itxita daudelako, eta aukera ematen du jende gehiago libre egoteko, baina 19:15ean joaten ziren batzuk esaten dute 20:30ak beranduegi dela beraientzako. Ikusten dugu ohitura hori zutenentzako sakrifizio bat dela, baina lanetik 20:00etan ateratzen denak bestela ez luke izango aukerarik saioa lehenago bada. Ez dut uste bi ordutegi jarriko dituztenik udaletik; proba egin dezakete, baina gure ustez, 20:30ean jarrita egokia eta nahikoa da.

 

«Pandemia eta gero jende gutxiago joaten da. Alde batetik ohiturak aldatu dira, eta bestetik, plataforma berriak sartu dira»



Saioaren aurretik aurkezpen bat egiten duzue?

Gehienetan, baina ez beti. Aurkezpena bost-hamar minutukoa egiten dugu eta gero pelikula ematen dugu. Noizbait egin izan genuen pelikula eta gero foruma, solasaldi moduko bat. Baina oso berandu izaten zen, eta jende gutxi geratzen zen, eta aspaldi ez dugu egin.

Taldeko bat hasi da zine forum bat egiten Beti Ikasten elkarteak duen eskaintzaren barruan. Eduardo Alegriak aukeratzen du pelikula bat hilean, eta izena emanda dagoen jendea pelikula ikustera joaten da. Gero, Beti Ikastenen barruan solasaldia egiten dute. Dozena bat pertsona izan ziren parte hartzen, eta gustura aritu ziren. Ikasturte honetan ere egin behar dute.

Historia pixka bat eginez, noiz hasi zen Zine Foruma?

1977an sortu zen. Aurretik ere izan zen beste bat, eta tartean egon zen Jesus Mari Penilla. Ni Alemanian egon nintzen eta urte horretan itzuli nintzen, eta Penillak esan zidan Zine Foruma egingo genuela, eta ni presidente jarriko nintzela eta bera idazkari. Dozena bat pertsona azaldu ziren pelikulak aukeratzeko eta arrakasta izugarria izan zuen. Orduan abonuarekin-eta egiten genuen eta dena bere kasa joaten zen. Garai hartan pelikula asko ez ziren hemen ikusten eta zinemazale gehienak mugaz bestalde joaten ziren ikustera. Ez ziren estreinatzen hemen, eta guk ekarri genituen.

 

«Guztira 1.278 pelikula eman ditugu. Horiek guztiak ikustera etorri denak zinema pixka bat ikusi du»



Guztira 1.278 pelikula eman ditugu denboraldi hau hasi baino lehen. Horiek guztiak ikustera etorri denak zinema pixka bat ikusi du. 1984an eta 1985ean ez genuen egin, ez zegoelako dirurik, eta gero aldaketa nagusia 2005eko otsailaren 24ean izan zen. Orduan bukatu genuen Zine Foruma bere osotasunean antolatzeari, eta udalak hartu zuen ardura. Aurretik guk saltzen genituen sarrerak eta aretoak alokatzen genituen, bai Leidor eta tarteka Iparragirre bera ere. 2005etik aurrera Zine Forumaren programazioa osatzeaz arduratzen gara, eta sarreren kontua udalak eramaten du.

Tarteka zuzendariren bat etorri da pelikula aurkeztera?

Zuzendaririk ez. Aspaldi noizbait etorri zen Begoña del Teso aurkezpenen bat egitera, baina normalean guk egin izan ditugu.

Eta jendearen erantzuna zein izaten da? Zer esaten dizuete?

Jendea gustura joaten da, hori esaten digute behintzat. Pelikula komertzialetara joan ohi ez direnak etortzen dira, gehienetan pelikula independenteak jartzen ditugulako, zinema jaialdietan sariak-eta lortzen dituztenak. 40. urteurrena egin genuenean, ikusleei galdetu genien zer pelikula ikusi nahi zituzten berriro, eta hamar bozkatuenak programatu genituen.

Aurrera begira zer asmo duzue?

Ez daukagu ezer berezirik pentsatuta. Oraingo martxan jarraituko dugu. Zine Forumak eskaintzen du zinema areto batean agian ikusiko ez dituzun pelikulak ikusteko aukera. Zinema areto batek ematen duen magia hori bizitzeko aukera. Aurreko denboraldian pixka bat igo zen ikusle kopuruaren bataz bestekoa, orain bi denboraldikoarekin alderatuta. Ea aurten zer gertatzen den.

Ikusle mota antzekoa izaten da?

Bai, kontuan izan behar da 20:30ean dela saioa. Beraz, helduak etortzen dira, gehienak 40 urtetik gorakoak; jende gazte gutxi etortzen da. Etortzen diren asko ezagunak dira dagoeneko.

Nola animatuko zenuke jendea Zine Forumera joateko?

Jendeak badaki gure asmo onenarekin aukeratzen ditugula pelikulak. Gero agian ez zaie hainbeste gustatuko aukeratutakoa, guri ere gertatu izan zaigu, baina esan bezala, asmo onenarekin aukeratzen ditugu, eta esan daiteke jendeak guregan konfiantza baduela.

Zuretzat zer du zinemak?

Horrelako areto batean sartzen zarenean, iluntasunean, horrelako pantailarekin eta soinu onarekin, beste giro batean sartzen zara. Ez da gauza bera pelikula bat telebistan edo zinema areto batean ikustea, beste esperientzia bat da filma Leidor bezalako aretoan ikustea.

 

Hurrengo saioak

Irailak 28. Trenque Lauquen (saioa 19:00etan izango da, 250 minutu irauten baitu pelikulak).

Urriak 5. Oppenheimer.

Urriak 11. El regreso de las golondrinas (asteazkenean da, ostegun hori, urriak 12, jai eguna delako)

Urriak 19. Territorio de nuestras madres.

Urriak 26. Increible pero cierto.

 

Sarrera

Zinema bonuaren bitartez sartu daiteke Zine Forumeko saioetara. Bonua ez duenak, 4,30 euro ordaintzen du sarrerako.

 

40. urteurrena dela eta, ikusleek aukeratutako hamar filmak

  •  Dersu Uzala (Akira Kurosawa)
  •  Paris, Texas (Wim Wenders)
  •  Amarcord (Federico Fellini)
  •  Fanny y Alexander (Ingmar Bergman)
  •  Sin techo ni ley (Agnes Varda)
  •  La chica de la fábrica de cerillas (Aki Kaurismäki)
  •  El último vals (Martin Scorsese)
  •  Barton Fink (Joel eta Ethan Coen)
  •  El gatopardo (Luchino Visconti)
  •  2001, una odisea en el espacio (Stanley Kubrick)

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!