Tolosako Usabal kiroldegiko langileak greba mugagabean daude, azpiegitura horren kudeaketaren esleipena duen BPXport enpresaren lan baldintzak ez dituztelako bidezkoak ikusten. Hori horrela, maiatzaren 8tik itxita dago kiroldegia, eta horrek eragin zuzena du bertan egoitza duten kirol klubetan.
Tolosaldea IKT igeriketa taldearen etorkizuna «arriskuan» dagoela esan du Joseba Zubeldia teknikariak. «315 igerilari izan ditugu klubean eta bost teknikari. Une honetan lau teknikari gaude. Gutxienez 200 igerilari martxan izan beharko genituzke klub bezala irauteko, baina une honetan 80 igerilari ditugu». Igerilari horiekin Villabona, Andoain eta Lazkaoko igerilekuan ari dira irailean zehar, eta gurasoek eramaten dituzte bertara. «Astean asteko plangintza egiten ari gara, eta urrira begira ez dakigu zer leku izango dugun».
Egoera horretan ez dute izen ematerik martxan jarri txikienentzat, eta egun ez dute 18 urtetik gorako igerilaririk taldean. Azken horrek eragingo du kluben arteko lehen mailako Espainiako Kopari uko egitea. «Lorpen historikoa izan da hori klubarentzat. Guk ezin ditugu preso izan igerilariak, gurekin fitxa bat eginez, ez dugunean igerilekurik. Urte luzez egin dugun lana pikutara joan zaigu», esan du Zubeldiak. Ohiko txapelketei begira ez dira oraindik jarri. «Denboraldiaurrean gaude eta ez dugu oraindik txapelketen kezka. Ikusiko dugu nola gauden garai hori iristen denean».
Usabalgo igerilekua egoitza moduan duen beste kluba hegats igeriketako Igarondo Urpekoak da. Aurreko denboraldiaren bukaeran egin zuten moduan, Ordiziako igerilekuan ari dira entrenatzen, eta aste honetan hasi dira. «Bertan ere hegats igeriketako talde bat dago, eta beraiekin batera ari gara entrenatzen», esan du Gregorio Manzisidor taldeko kideak. «21:00etatik 22:00etara entrenatzen dugu, eta gure arazoa da ezin diogula txikienei ezer eskaini». Abuztuaren bukaeran egin ohi dute ate irekien kanpaina, jende berria sartzeko, eta hori ezin izan dute egin. «Pandemiarekin eta oraingo egoera honekin, taldean jende berria sartzeko arazo handia izaten ari gara».
«USABALEN SARTZEA BESTE AUKERARIK EZ DUGU»
Tolosa CF klubak hainbat atal ditu eta horietako hiruk erabiltzen dute Usabal kiroldegia. Futboleko atalak kanpoaldean dauden belar artifizialeko eremuak erabiltzen ditu. Aurreko astean bertara sartzeko erabakia hartu zuten entrenamenduak egiteko. «Une honetan etsita gaude», esan du futbol ataleko Jon Aldazabal lehendakariak. «Ez dugu lekurik. Txapelketak hasi dira eta oso kaskar ari gara entrenatzen. Orain arte Alegian moldatu gara, baina eskolak goiz eta arratsaldez hasi direnean, ez dago denentzat aukerarik, eta inguruko futbol zelaiak beteta daudenez, Usabalen sartzea beste aukerarik ez dugu».
Aurreko astean zein aste honetan sartu dira. «Badakigu ELA sindikatuak salaketa bat jarri zuela. Udaltzainak joan ziren eta identifikatu gintuzten. Gu saiatu egingo gara erabiltzen ahal dugun heinean», zehaztu du Aldazabalek. «Hori erabiltzerakoan ez dugu aldagelarik erabiltzen, eta ez dugu inongo langileren beharrik. Ez gara ari grebaren aurkako ezer egiten, ez beste aldera egiten. Kluba bizirauten laguntzen ari gara».
Klubean egun 23 futbol talde dituzte federatuta. Horietatik bi taldek Berazubin jokatzen dituzte partidak, gizonezkoen lehen taldea eta gizonezko mutilen jubenilen talde nagusia. Beste partidak jokatzeko Idiazabalera, Lazkaora, Villabonara eta Alegiara ari dira joaten. «Laster hasten dira liga guztiak, eta hilabete lehenago prestatzen hasten gara. Egoera larria da entrenatzeko, ez dagoelako lekurik. Ezin da edozein lekutan entrenatu, futboleko botekin entrenatu behar delako», zehaztu du Aldazabalek. «Berazubin talde asko entrenatzen ari dira; berez irailean belarrak perfektu egon behar zuen, eta txiki-txiki eginda dago».
Urrian hasten da futbol eskola eta bertan 250 neska-mutil daudela izena emanda azaldu du Aldazabalek. «Baina orain ez dugu baliabiderik hori aurrera eramateko. Eskola kirolaren barruan dago, oinarrizkotzat jotzen dena. Gutxieneko zerbitzu batzuk eskatzen ari gara hori aurrera eraman ahal izateko».
Eskubaloiko jokalariak gaur egun Urnietan, Iruran, Tolosako Herrikiden eta Anoetan ari dira entrenatzen, eta hurrengo astean ere ziurrenik Ormaiztegira joango dira. «Toki faltan gaude, entrenamendu gutxiago egiten ari gara eta denbora gutxiagoan. Baina lehentasun bat genuen, eta lortu dugu, hau da, talde guztiak martxan izatea», azaldu du Imanol Esnaola ataleko lehendakariak. «Eskola da martxan jarri ez duguna. Atzeratzea erabaki dugu leku gehiago izan arte, eta ea Tolosan aukeraren bat sortzen den, ez baitugu nahi haurrak kotxeetan batetik bestera joatea, edo garraio publikoan ibiltzea».
Antolakuntza aldetik «eromena» izaten ari dela gaineratu du Esnaolak. «Diru aldetik ere eragina izaten ari gara, kantxak alokatu egin behar direlako, eta aurreikusita ez genituen gastu batzuk izaten ari garelako. Horrez gain, arriskua: lehen egiten ez ziren bidaiak egiten ari garelako, eta horrek kezkatzen gaitu».
Gimnastika erritmikoko atalean, 65 gimnasta inguru aritzen dira Usabalen entrenatzen. «Ferialekuan berez 40 inguru izaten dira, eta orain Ferialekuan denak sartu behar ditugu. Beraz, egun batzuetan Usabalgoak eta beste egun batzuetan Ferialekukoak aritzen dira», esan du Arantxa Aristondo ataleko arduradunak. «Horrek esan nahi du astero talde batzuek saio bat galtzen dutela». Nabaritu dute behera egin duela izen emateak. «Saiatzen ari gara eskaintzen bermatu nahi dugun kalitatea, baina ez da erraza izaten ari».
ENTRENAMENDUAK KALEAN
TAKE saskibaloi klubeko gizonezkoen talde nagusia Beasaingo kiroldegian entrenatzen ari da eta bertan jokatuko ditu etxeko partidak. Igoera lortu ondoren, denboraldi honetan EBA ligan lehiatuko dira. «Hemendik bi astetara hasten da liga eta espero dugu nahiko ondo iristea», esan du Goar Artetxe TAKEko kirol zuzendariak. Emakumezkoen lehen taldea Ordizian ari da entrenatzen.
Beste talde guztiak «egoera zailagoan» daudela esan du Artetxek: «Irtenbide bezala saskibaloi kantxak jarri ditugu Alondegi plazan eta Amarozko frontoian. Beraz, entrenamenduak kalean burutzen ari gara. Berandu iluntzen du irailean, baina komeriak izango ditugu urritik aurrera». Aukera hori dute baina baldintzak «kaskarrak» direla dio Artetxek: «Saskibaloi munduan klub guztiek kiroldegian entrenatzen dute eta guk kalean. Ez du zerikusirik prestakuntza aldetik. Gure harrobiaren egoera zaila da eta kezka handia dugu».
Judo Klub Tolosakoak maiatzaren 7tik daude Ferialekuan. «Oraingoz mantentzen ari gara talde guztiak», esan du Oskar Gibelalde klubeko arduradunak. «Aurreko denboraldia nolabait salbatu genuen, baina berri bat hastea baldintza hauekin oso gogorra da. Ez dago aldagelarik eta bainugela bakarra dago. Tatamia mugitu egiten da eta egunero egoki jarri behar izaten dugu». Erabiltzen ari diren tatamia Gipuzkoako Federazioarena da, eta ez dakite noiz arte eduki ahalko duten. «Ferialekuan egoteak izen emate kopuruan eragiten ari da», gaineratu du Gibelaldek. «Gure helburua da Usabalen ematen genuen zerbitzu bera ematea baino Ferialekuan askoz zailagoa da».