Arte eszenikoek Leidor eta Topic hartuko dituzte

Ataria 2023ko ira. 19a, 16:00

Gaur aurkeztu dute programazioa, Leidor aretoan.

Urriaren 20an hasiko da Tolosako udazken-neguko zikloa, eta urtarrilaren 3a bitartean 15 ekitaldi eskainiko dituzte, haur, gazte zein helduentzat.

Ikasturte berriarekin batera, bueltan da Tolosako udazken-neguko kultur programazioa. Gaur aurkeztu dute egitarau arte eszenikoen Tolosako aterpeetako batean. «Eguraldi ona egiten duenean kulturaz plazetan gozatzea gustuko dugu Tolosan, baina uda amaitzen ari den honetan, aterpeak bilatzen ditugu eta horietako bat da Leidor aretoa», esan du Goiuri Ezeiza zinegotziak.

Urriaren 20an hasi eta urtarrilaren 3a bitarte, arte eszenikoen ekintza zein ekitaldi ugariz gozatzeko aukera izango da Leidorren eta Topic-en. Hain zuzen, 15 ekitaldi izango dituzte guztira.

Horien artean, batetik, Berriketan konpainiaren bigarren sorkuntzaz gozatzeko aukera izango da; Arima. Berriketan konpainiaren esentzia, batez ere, «euskal kulturaren eta flamenkoaren arteko fusioa» egitea dela esan du Askoa Etxebarrieta La Pulga flamenko sortzaileak, eta hori da, hain zuzen, azaroaren 3an, 20:00etan, Leidorren egingo dutena.

Euskal Herrian tradizio handia duten txalaparta eta ttakun instrumentuekin uztartzen dituen ekitaldia da Arima. Etxebarrietak adierazi bezala, «gure arima, bihotz, energia eta barruan daramagun guztia botatzera gatoz. Horretarako, Antonio Lizana musikariaren laguntza izan dugu produkzio musikalean eta Leonor Leal flamenko dantzariak, berriz, koreografia egiten lagundu gaitu. Ikuskizunean, Miren Amurizaren, Ruben Sanchezen eta Aitziber Etxebarrietaren letrak izango dira ikusgai, eta horiekin zerbait esaten saiatu gara. Gizarte-mailan kezkatzen gaituzten kontuak islatu nahi izan ditugu; errefuxiatuen krisia, esaterako».

Berriketan konpainiaren lehen sorkuntzarekin alderatuta, abeslari flamenkoa ez ezik, abeslari euskalduna, gitarra flamenkoa, egurrezko txalaparta, perkusioa eta dantzaz gozatzeko aukera ere izango direla jakinarazi du Etxebarrietak.

Bestetik, Golden Apple Quartet taldearen Vamos que nos vamos ikuskizuna ere izango da. Gainera, laukote ospetsuak bere ibilbide oparoari amaiera emango dio, eta agurra esateko ibilaldi horretan geldialdia egingo dute azaroaren 24an, 20:00etan, Leidor aretoan.

Aurretik «bira luze bat» dutela adierazi dute Loyola Garmendia eta Edu Errondosoro Golden Apple Quartet taldeko kideek, «gure ibilbidean egon garen leku guztietatik igaro behar baitugu azkenekoz ikus gaitzaten, eta Tolosa leku horietako bat da, gure ikuskizun guztiekin igaro garelako hemendik».

Ikuskizun honetan publikoa lehenetsi dutela zehaztu du bikoteak: «Jendeak ikusi nahi duenarekin egingo du topo, eta horretarako, publikoari gehien gustatzen zaizkion abestiak aukeratu ditugu». Hortaz, ikuskizunean denbora honetan ikusleekin partekatutako abestien ibilbide musikala egingo du taldeak.

Sarrerak

Leidor aretoan egingo diren ekitaldien sarrerak Kutxabankeko sarreren salmenta plataforman izango dira eskura. Topic-eko aretoan egingo diren ekitaldien sarrerak, berriz, Topic zentroko webgunean.

Eszena bonuak

Eszena bonuetan berrikuntzak daudela jakinarazi du zinegotziak. Aurrerantzean, eszena bonuak 45 euroko prezioa izango du eta, hori eskuratuta, udazkeneko programazioko ekintza guztietara sartzeko aukera izango da, urriaren 20tik urtarrilaren 3ra bitarte. Bonua eta sarrera guztiak Kutxako webgunean edo Leidorren eskuratu daitezke.

Egitaraua

Urriak 20, ostirala

  • 20.00. El nadador de aguas abiertas, Tanttaka konpainiaren antzerkia, Leidorren.

Urriak 27, ostirala

  • 20.00. Sagastitarrak, Txalo konpainiaren antzerkia, Leidorren.

Urriak 28, larunbata

  • 17.00. Anbotoko Mari, Logela Multimediaren antzerkia, Leidorren.

Azaroak 3, ostirala

  • 20.00. Arima, La Pulga, Berriketan konpainiaren musika eta dantza ikuskizuna, Leidorren.

Azaroak 10, ostirala

  • 20.00. Good sex, Maritxu, Ttipia konpainiaren antzerkia, Leidorren.

Azaroak 17, ostirala

  • 20.00. Shine, Lasala dantza konpainiaren dantza ikuskizuna, Leidorren.

Azaroak 18, larunbata

  • 17.00. Pailazokeriak, Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoen haur ikuskizuna, Leidorren.
  • 19.30. Birakabareta, Pailaztana Junior, Pailaztana Klown taldearen, Numen Dantza Eskolaren eta Gurpil Zoroak bikotearen haur ikuskizuna, Topic-en.

Azaroak 24, ostirala

  • 20.00. Vamos que nos vamos, Golden Apple Quartet taldearen ikuskizuna, Leidorren. Taldeak lau hamarkadetan egin duen lanari amaiera emango diote ikuskizun honekin.

Abenduak 15, ostirala

  • 20.00. Hondamendia, Artedrama Arte Eszenikoen Plataformaren antzerkia, Leidorren.

Abenduak 16, larunbata

  • 16.30. Emozio Festa!, Ene Kantak taldearen haur ikuskizun musikala, Leidorren.

Abenduak 28, osteguna

  • 19.00. Pause, Xabier Zeberioren musika ikuskizuna, Leidorren.

Abenduak 29, ostirala

  • 20.00. El origen del hielo: Tributo a Frozen, Vitamin konpainiaren haur musikala, Leidorren.

Abenduak 30, larunbata

  • 19.00. Euskadiko Gazte Orkestraren eskutik musika klasiko emanaldia, Leidorren.

Urtarrilak 3, asteazkena

  • 19.00. Fantasi, Eñaut Elorrieta bakarlariaren musika emanaldia, Leidorren.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!