Tolosatik Apattara igotzeko errepidea itxiko dute astean zehar, gauez

Ataria 2023ko irailaren 18a

GI-2130-A errepidean dagoen Zumaingo tunelean egiten ari diren lanak direla eta, 22:00etatik 6:00etara egongo da itxita errepidea, gaurtik ostiralera.

Gipuzkoako Foru Aldundia, ohiko artapen lanen barruan, GI-2130-A errepidean (Apatta industrialderako sarbidea), Tolosa parean dagoen Zumaingo tunel barruko eta kanpoko argiak ordezkatzen ari da. Lan horiek gauez egingo dituzte, zerbitzuko eta bide-segurtasuneko arrazoiak tarteko; izan ere, egunez trafiko handia izaten da eta horrek errepidea erabat moztu ahal izatea eragozten du.

Gauzak horrela, GI-2130-A errepidea erabat moztuko dute, gauez (22:00etatik 6:00etara), eta GI-3212 errepidea izango da Leaburura eta Gaztelura joateko bide alternatiboa, hau da, Ibarratik eta Belauntzatik joan beharko da.

Honako egun hauetan itxiko dute errepidea:

  • Astelehenetik astearterako gauean.
  • Asteartetik asteazkenerako gauean.
  • Asteazkenetik ostegunerako gauean.
  • Ostegunetik ostiralerako gauean.

Obrak eta dagozkien desbideraketak behar bezala seinaleztatuta egongo dira. Behar izanez gero, larrialdietako zerbitzuei bidea irekiko zaie, horretarako lanak gelditu beharko balira ere.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!