Bizikletak berrikusteko doako zerbitzua martxan, Tolosan

Ataria 2023ko ira. 15a, 16:36

Juan Ignacio Asensio eta Azahara Dominguez foru diputatuak. N.R.A.

Gipuzkoako Mugikortasun Astea abiatu dute, gaur, Tolosan. Bizikletak berrikusteko doako zerbitzua martxan egongo da, gaur, ostirala, 16:00-20:00 bitartean Trianguloa plazan.

Gipuzkoako Mugikortasun Astea aurkeztu dute Azahara Dominguezek eta Jose Ignacio Asensiok, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua eta Jasangarritasuneko diputatua urrenez urren.

Mugikortasun Astearen lehen geldiunea izango da Tolosa, baina irailaren 24a bitarte, Donostia, Irun, Errenteria, Lasarte-Oria, Zarautz, Azpeitia, Bergara, Eibar, Zumarraga eta Legazpi ere hartuko ditu bere gain.

'Jarri prest zure bizikleta Mugirekin'

Trianguloa plaza, gaur arratsaldez, bizikleta tailer mekaniko bihurtu da Jarri prest zure bizikleta Mugirekin ekimenaren bitartez. Izan ere, 16:00-20:00 bitartean, Mugi txartela eta bizikletarekin gerturatzen direnek bizikleta berrikusteko doako zerbitzua izango dute eskura. Honela, bizikletaren eta zerbitzu publikoaren aldeko aldarri egin dute Tolosara gerturatutako bi diputatuek.

Jose Ignacio Asensiok bere aldetik, Europako Mugikortasun Astea baliatu du herritarrei dei egiteko «mugikortasun ohiturak aldatzeko». Indar berezia jarri du herritar gazteengan foru diputatuak: «Indar berezia jarri nahi dugu gazteengan, bizikleta gehiago erabili dezaten eta, noski, tailerrak egingo dira haiek euren bizikletak konpontzeko». «Mugikortasuna eta jasangarritasuna eskubide bezala ulertu behar dira; hori da egin behar duguna, gure ohiturak aldatu, garraio publikoa gehiago erabili , eta ahal den heinean oinez edo bizikletaz ibili», azpimarratu du Asensiok.

Dendetan ere

Mugi txartela erakutsiz gero, ekimenean parte hartu duten Gipuzkoako 11 dendetako batean, irailaren 15etik 24ra, bizikleta berrikusteko aukera izango dute erabiltzaileek. Tolosaren kasuan Begiristain Txirrinduak dendara (Eskolapioetako lorategiak, 3) eta Arsuaga Bizikletak dendara jo daiteke ekimenean parte hartzeko.

Trianguloko tailer mugikorrera edo aipatu bi denda horietako batera jotzen duten txirrindularien artean bi bizikleta, erosketa bonuak eta Mugi txartelerako 20 euroko 60 karga zozkatuko dira.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!