Laskorainek etzi du 2. B mailarako itzuleraren lehen neurketa

Imanol Garcia Landa 2023ko ira. 14a, 11:59

Usabal kiroldegia itxita dagoenez, areto futboleko talde tolosarrak Donostiako Pio Barojan jokatuko du etxeko bezala.

Areto futboleko Laskorain taldea 2. B mailara itzuli da, bi urtez Hirugarren Mailan egon ondoren. Larunbatean hasiko dute liga, eta partidan etxeko taldea izango da, baina ez dute bere ohiko lekuan jokatuko. Izan ere, Usabal kiroldegia itxita dago langileen grebarengatik, eta Laskorainek etxeko lehen lau partidak Donostiako Pio Baroja kiroldegian jokatuko ditu.

Zaragozako Colo Colo taldearen aurka jokatuko dute ligako lehen partida hori, 18:30ean hasita. «Etxeko lehenengo lau partidak Pio Barojan jokatuko ditugu», azaldu du Mikel Juaristi taldeko kapitainak. «Bigarren B mailan kantxak neurri jakin batzuk izan behar ditu jokatu ahal izateko, eta Tolosa inguruan ez daude neurri horiek betetzen dituztenak».

Colo Colo taldearen aurkako partida nolakoa izango den ez dakite zehazki. «2. B mailan egon ginen urteetan beraien aurka ez genuen jokatu. Ez ditugu ezagutzen eta beraiek gu ere ez», zehaztu du Juaristik. Lehenengo partida hori prestatzeko aurkariaren aurreko urteko bideoak ikusten ari dira, baina ez dakite zehazki zenbateraino lagunduko dien. «Lehenengo jardunaldiak nahiko ziurgabetasun izaten du. Ikusi behar da nola iristen diren taldeak, nola joan den denboraldiaurrea eta fisikoki zein dagoen ondoen», azaldu du kapitainak. «Nire ustez ezberdintasuna lehenengo partida horretan fisikoa izaten da: hankak freskoen dituenak burua freskoen izango du, eta hori izango da gakoa».

Bi urte eta gero berriro ere 2. B mailara itzuliko dira, eta lehenengo partida horretara gogoz aterako direla dio Juaristik: «Beraiek izango dira faboritoak, azken bi urteak maila honetan daudelako, baina guk irabazteko aukerak izango ditugu». Taldeko hainbat jokalarik ezagutzen dute maila, aurreko etapan egon baitziren. «Badakigu ez dagoela partida errazik, eta aurkari ia denak gu baino hobeak izango dira teknikoki eta jokalari zerrenda luzeagoarekin. Beraz, maila mantentzea lortzen badugu, denboraldia hamarrekoa izango da. Ea larunbateko lehenengo partidan hiru puntuak lortzen ditugun eta irabazten hasten garen 2. B mailako etapa berri honetan».

Taldean zenbait aldaketa izan dira. Bi baja egon dira, Urko Gago eta Haritz Zabala Katta, eta bi fitxaketa, Eneko Vitoria eta Oier Laizabal. «Bigarren taldeko jokalariengan konfiantza dugu 2. B mailako erronka hau aurrera ateratzeko», zehaztu du Juaristik. Aldaketarik ez da izan entrenatzaile postuan, Ibai Valverdek jarraituko baitu taldea gidatzen.

ENTRENATZEKO LEKU BILA

Denboraldi berrirako helburu nagusia maila mantentzea izango dela nabarmendu du kapitainak, eta erronka horretan Usabal kiroldegia ezin erabiltzeak bidea zailduko die. «Bizi dugun egoeran sekulako lorpena izango litzateke», zehaztu du Juaristik.

Udan zehar Gipuzkoako hainbat kiroldegirekin hitz egiten aritu dira entrenamenduak egiteko. «Bagenekien zaila izango zela, herri bakoitza oso beteta dagoelako bere herriko taldeekin», esan du Juaristik. Egun Idiazabalen ari dira entrenatzen. «Bertako udala asko ari zaigu laguntzen. Egun guztietan ez dagoenez libre, aste honetan Lekunberriraino ere joango gara». Egoera ez dela batere erraza dio: «Autoa hartu behar dugu leku batetik bestera joateko, eta egunean bertan jakiten dugu non entrenatuko dugun. Eta gu klubeko lehenengo taldea gara, beraz, beste taldeak ez dut ezta pentsatu ere egin nahi nola ibiliko diren. Behintzat entrenatzeko aukera dugu Idiazabalen». Aurretik entrenamenduak Berastegin ere egiten aritu dira. «Eskertzekoa da jasotzen ari garen laguntza aurrera egiteko», esan du Juaristik.

Ligan hain garrantzitsua den kantxa faktorea aurten hasieran behintzat ez dute izango. «Pio Baroja kiroldegian ezin dugu oraingoz entrenatu, ez dagoelako lekurik, eta ikusiko dugu aurrerantzean zer gertatzen den», esan du kapitainak.

Aurreko denboraldi amaieran ere Usabal erabili gabe egon ziren, baina beste egoera bat zela dio: «Denboraldi bukaera zen, eta motibazio handia genuen igoera fasearekin. Denboraldi honetan gogorragoa izaten ari da». Egoeraren bilakaera zein den ikusteko itxaron egin behar dutela dio, baina klubetik «txarrenean» jarrita daudela esan du, hau da, denboraldi osoan ez dutela Usabal zapalduko. «Nahiago dugu hori eta ez ilusiorik egiten hasi eta gero egoera gehiago luzatzea».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!