Ia 4.000 lagunek bisitatu dute Topic udan

Ataria 2023ko irailaren 14a

Mundu osotik etorritako bisitariak izan dituzte azken hiru hilabeteetan; gipuzkoarrak izan dira gehienak, baina esan dutenez, nabarmen hazi da Europatik zein Asiatik etorritako bisitarien kopurua.

Aurten ere, txotxongiloen museoak eta bere erakusketek aurreko udetan baino bisitari gehiago izan dituzte aurten, batez ere uztailean eta abuztuan. Irailean ere goranzko joera izaten ari da.

Guztira, 3.877 bisitari zenbatu dituzte, eta gipuzkoarrak izan dira gehienak. Estatuko gainerako probintzien zenbaketari erreparatuta, katalanak, madrildarrak, valentziarrak, murtziarrak, granadarrak eta zaragozarrak izan dira museoan.

Europako herrialdeei dagokionez, frantsesak, italiarrak eta herbeheretarrak izan dira bisitari nagusiak. Horiez gain, kroaziarrak, greziarrak, hungariarrak, irlandarrak, ingelesak eta suediarrak ere izan dituzte museoan. Txotxongiloen museotik nabarmendu dutenez, harrigarria da, halaber, Asiako bisitarien hazkundea. Amerikatik eta Afrikatik etorritako turistak ere izan dituzte.

«Udako denboraldiaren itxiera arrakastatsu horrek etorkizun baikorra uzten du datorren urterako, hazteko eta garatzeko aukerak are handiagoak baitira», adierazi dute museoko ordezkariek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!