Hiri-ekonomia indartzeko diru laguntza deialdia zabaldu dute

Josu Artutxa Dorronsoro 2023ko ira. 14a, 07:58

Tolosako Udalak 107.500 euro bideratu ditu laguntzetara; eskaerak urriaren 14a bitarte aurkeztu daitezke.

Herriko hiri-ekonomia indartzeko diru laguntzen deialdia zabaldu du Tolosako Udalak. Aurten, 107.500 euro bideratu ditu, herriko merkataritza jarduerari lotutako zerbitzuak eta ostalaritza edo turismo sektoreko jarduerak sustatzeko.

Bi laguntza lerro jasotzen ditu. Batetik, belaunaldien arteko negozioen elkartrukerako Berriz Tolosa programak 37.500 euroko diru-poltsa izango du. Bestetik, negozio berriak abian jartzeko ekintzaileei bideratutako Ekin programarako 50.000 euro banatuko dituzte. Azkenik, gainerako 20.000 euroak, Berriz Tolosa programan erosketarako eta Ekin programan erosketa eta birgaitze lanetarako bideratuko dituzte.

Eskaerak urriaren 14a bitarte aurkeztu ditzakete herritarrek, UDATEn (Herritarren Arreta Zerbitzuan), erregistro elektronikoaren bitartez edota posta bulegoetan. Laguntza programa bakoitzari dagozkion eskaera orria eta dokumentazioa aurkeztu beharko dituzte.

Diru laguntza lerro bakoitzak baldintza zehatzak jasotzen ditu. Horiek, eta aurkeztu beharreko dokumentazioaren inguruko informazioa eta eskaera orria eskuragarri daude Tolosa.eus webgunean (Tramiteak atalean).

Edozein zalantza argitzeko, bi bide dituzte herritarrek: merkataritza@tolosa.eus helbidera idatzi edo 943 697 521 telefono zenbakira deitu.

Enplegua sustatzeko

Aitor Agirresarobe Murgi Garapen Ekonomikoa, Enplegua, Merkataritza, Turismoa eta Azokak Saileko zinegotziak laguntzen helburuak azaldu ditu: «Merkataritza, zerbitzu, ostalaritza eta turismo esparruetako jarduera ekonomikoa, enplegua eta lehiakortasuna sustatzea da asmoa, enpresa ekimen berriak abiaraziz eta lokal hutsak dinamizatuz», esan du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!