Milioi erdi bat euro, herritarrek nahi dituzten proiektuetarako

Josu Artutxa Dorronsoro 2023ko ira. 14a, 07:59

2024ko aurrekontua osatzeko parte hartze prozesua abiatuko du Tolosako Udalak; aurten, herritarrek zuzenean erabakiko dute dirua zertara bideratu.

Ikasturte berria hastearekin batera, 2024ko aurrekontua lantzen hasi da Tolosako Udala, «Tolosa hobetzen jarraitzeko» helburuarekin. Andu Martinez de Rituerto alkateak adierazi du «herria herritarrekin» egin nahi dutela. Horretarako, aurrekontua osatzeko parte hartze prozesua abiatuko du udalak. Aurten, gainera, aurrekontu hori 500.000 eurora handitu dute.

Diru ekarpena handitzea, ordea, ez da berrikuntza bakarra izango. Izan ere, tolosarrek zuzenean erabakitzeko ahalmena izango dute. «Herritarrek egindako proposamenen artetik gogokoenak hautatuko ditu udalak, betiere, irizpide tekniko eta ekonomikoak betetzen badituzte eta bideragarriak badira. Ondoren, udal aurrekontuaren zati bat zein proiektutara bideratu erabakiko dute herritarrek», azaldu du alkateak. Aurreko urteetan udal gobernuari zegokion hamar bozkatuenen artean zein egin hautatzea. «Orain, herritarrek protagonismo handiagoa izatea nahi dugu», gaineratu du.

Irailaren 18an, astelehenean, irekiko da ekarpenak eta proposamenak egiteko epea, eta urriaren 2ra arte izango da horretarako aukera. Herritar edo elkarte bakoitzak proposamen bat baino gehiago egin ahal izango ditu eta bi modutara helarazi ahal izango dira proposamenak: presentzialki, aste honetan etxez etxe banatuko duten galdetegia bete eta Udaten (herritarren arreta zerbitzuan) eta kultur etxean jarriko dituzten hautetsontzietan utziz, edo online, Aurrekontuak.tolosa.eus helbidean. Norbere burua identifikatuz edota modu anonimoan egin ahal izango dituzte ekarpenak herritarrek. Modu anonimoan eginda ere, parte hartzaileen datu batzuk bildu nahi dituzte, hala nola, sexua eta adin-tartea.

Garikoitz Lekuona Komunitatea eta Gobernantza saileko teknikariak azaldu duenez, udalak balioan jarri nahi ditu iazko parte hartze prozesuan herritarrek egindako ekarpenak: «Tolosarrek zenbait proiektu lehenetsi zituzten eta udal gobernuak horietako batzuk aukeratu zituen, baina baziren gehiago, teknikoki bideragarriak zirenak. Beraz, aukera izango dute berriro ere iazko proposamenak egiteko». Hori dela eta, erreferentzia gisa, iaz aurkeztutako 64 proiektu bideragarriak zerrendatuko dituzte postontzietan eta sarean.

Urrian zehar jasotako proposamen guztiak aztertuko ditu udalak, berriak nahiz iazkoak, eta galbahea egin ondoren, teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak direnak aukeratuko dituzte. Irizpideak betetzen dituzten proposamen guztiak urriaren 30ean argitaratuko dira, eta egun horretan abiatuko da bozketa fasea.

Astebetez izango dute herritarrek bozkatzeko aukera, azaroaren 5era bitarte, alegia. Herrian erroldatutako 16 urtetik gorako edonork eta herriko elkarteek erabaki ahal izango dute milioi erdi bat euro nora bideratu. Behin epe hori igarota, bozka gehien jaso duten proposamenak, hurrenkeraren arabera eta diru-poltsa mugaren barruan, 2024ko udal aurrekontuan txertatuko dira.

Elkarlanerako deia

Josune Sanz, Komunitatea eta Gobernantza Saileko zinegotziak, «Tolosa hobetzeko proposamenak» bidaltzeko deia luzatu die herritar, auzo elkarte eta gainerako eragileei. «Bozkatzeko aukera 16 urtetik gorako herritarrek soilik badute ere, proposamenak egiteko edozein adin-tarte onartzen da. Askotan, ideia oso onak izaten ditugu buruan, eta orain, horiek garatzera animatzen ditugu tolosarrak».

Aurreko urteetan ideia mordoa jaso zituen udalak. «Guztiak aberasgarriak dira, elkarlanean gure herria hobetzen jarrai dezagun. Baliteke bidean proposamen batzuk alboratzea, ez egingo ez direlako, baizik eta agian dagoeneko udalak berak aurreikusita dituelako, beste partida batzuetatik bideratuko direlako, edota ekonomikoki beste finantziazio bide batzuk eskatzen dituztelako. Hala ere, etorkizunean ere balio lezakete», zehaztu du Sanzek.

Era berean, aurrekontu parte-hartzaileen testuinguruan, auzoen beharrak egitasmo honekin nola uztartu aztertzeko lanketa bat abiatuko dutela aitortu du zinegotziak. «Auzoen beharretara egokitzeko beste modu batzuk bilatzen ari gara, baina oraingoz, prozesu honetako proposamenak gainbegiratu beharko ditugu». Andu Martinez de Rituertok gaineratu duenez, uztailean abiatu zuten Auzoen Mahaia: «Dagoeneko hasi gara astero auzo desberdinekin bilerak egiten». 

PARTE HARTZE PROZESUA
  • Egutegia
    • Irailak 18, astelehena. Informazio jardunaldia egingo dute Garikoitz Lekuonak eta Josune Sanz zinegotziak, kultur etxean, 18:00etan. Herritarren edo eragileen zalantzak argitzeko baliatuko dute saioa.
    • Irailaren 18tik urriaren 2ra. Proposamenak egiteko epea, herritarrentzat.
    • Urriaren 2tik 30era. Azterketa tekniko eta ekonomikoen fasea.
    • Urriak 30, astelehena. Informazio saioa, kultur etxean, 18:00etan.
    • Urriaren 30etik azaroaren 5era. Proposamenen berri ematea eta bozketa fasea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!