Tolosako Usabal kiroldegiko langileen greba

Tolosa CF-ko futboleko taldeak Usabalera sartu dira

Ataria 2023ko irailaren 13a

Astelehen arratsaldean Tolosa CFko futboleko bi taldek entrenamendua egin zuten Usabalen.

Tolosa CF-ko futbol ataleko hainbat talde Usabal kiroldegiko zelaietara sartu dira entrenamenduak egiteko. Usabal kiroldegia berez itxita dago bertako langileak greban daudelako, baina astelehen arratsaldean bi talde aritu ziren entrenatzen, eta gauza bera egin dute gaur arratsaldean beste hiru taldek. Hain justu, gaur arratsaldean udaltzainak azaldu dira kiroldegian, eta bertan behera utzi dituzte entrenamenduak. 

Iñaki Martixa Tolosa CF-ko lehendakariak azaldu duenez, asteleheneko saioa «presio pixka bat egiten hasteko» egin zuten, «modu sinbolikoan, eta baita entrenatzeko beharra dugulako ere. Aurrera begira, ahal dugun heinean, Usabal erabiltzen jarraitzeko asmoa dugu». 

Asteleheneko saioan Tolosa CF klubeko beste ataletako kideak babesa ematera joan ziren. «TAKE saskibaloikoak, judo klubekoak eta igeriketa taldekoak ere joan ziren babesa ematera», esan du Martixak. «Beraiek ere gure egoera berean daude». Futboleko partidak Berazubin eta Alegian jokatu dituzte pasa den asteburuan Tolosa CF-koek, eta asteburu honetan Idiazabalen bi talde ariko dira etxeko bezala. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!