Berrikuntzekin iritsiko da Tolosako Garagardo Azoka

Ataria 2023ko ira. 14a, 11:00

TAKEko bi kide aurtengo azokaren kartelarekin.

Gaur 18:00etan zabalduko dute eta igandera arte egongo da zabalik; 22 garagardo egongo dira aukeran eta berrikuntza bezala hanburgerrak eta kroketak eskainiko dituzte.

Tolosako Garagardo Azokak hartuko du Zerkausia asteburuan. Gaur zabalduko dute eta 22 garagardo mota ezberdin izango dira aukeran, 10 arrunt eta 12 berezi, zehazki.  Egunero 18:00etan irekiko dute eta gaur 00:00ak arte egongo da zabalik, ostiralean 01:00ak arte, larunbatean 02:30ak arte eta igandean 21:00etan itxiko dute azoka. Gaurko haurrei begirako saskibaloi jolasak antolatu dituzte gainera.

Aukera zabala

TAKEk antolatu ohi du azoka eta esan du urteroko moduan Eskoziako, Belgikako eta Alemaniako garagardoak izango direla aukeran, Ambar eta Euskal Herriko La Salve-rekin batera. Aurreko urteetan bezala glutenik gabeko eta alkoholik gabeko garagardoak izango dituzte, era berean.

Bi berrikuntza izango dira aurten, biak menuari lotuta. Ukondoak, saltxitxak, piperrak, euskal pastela eta gaztak izango dira, eta aurten gainera Alejandro Goyaren 180 gramotako hanburgerrak eta Kroketxeako kroketak jan ahalko dira. 

Egitaraua
  • Gaur, osteguna. Umeentzako saskibaloi jolasak Plaza Zaharrean 18:30etik 19:45era.
  • Bihar, ostirala. DJ Jotatxo 19:00etatik 21:00ak arte.
  • Larunbata. DJ Bull 19:00etatik 21:00etara eta 23:00etatik 02:30ak arte.
Garagardo karta

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!