Irailaren 30ean amaituko da terraza lizentzia berriak eskatzeko epea

Ataria 2023ko irailaren 12a

Joan den martxoan onartutako terrazen ordenantza berrian zehaztu moduan, orain arteko baimenak ordenantza berriko irizpide eta baldintzetara egokitu beharko dituzte ostalariek. Eskaerak telematikoki aurkeztu behar dira udalaren webgunean.

Bide publikoan terrazak, salgai dauden produktuen erakustokiak eta beste elementu lagungarriak jartzea arautzen duen ordenantza berria joan den martxoaren 30ean sartu zen indarrean. Honen helburua da ostalaritzako jarduera zein establezimenduak instalatzeko, irekitzeko, funtzionatzeko eta, kasu honetan, terrazak kokatzeko baldintzak zehaztea eta arautzea. 

6 hilabeteko epea eskaini zitzaien ostalaritzari loturiko jarduerei orain arte izan dituzten baimenak ordenantza berriak jasotako irizpideetara egokitzeko. Epe hori datorren irailaren 30ean amaituko da, horregatik, Tolosako Udalak ordenantza berrira egokitzeko eskaera berriak aurkezteko deialdia egin die oraindik beharrezko dokumentazioa aurkeztu ez dutenei. Eskaerak telematikoki aurkeztu behar dira Tolosa.eus webgunean, pertsona juridikoen kasuan eta pertsona fisikoen kasuan UDATEn (Herritarren Arreta Zerbitzuan) ere aurkeztu daiteke. 

Ordenantza berriaren xehetasun guztiak ikusgai daude hemen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!