Ikasturte berria, arazo zaharrak

Ataria 2023ko ira. 11a, 12:52

Tolosaldeko Pentsiodunen Mugimenduak deituta, dozenaka lagun elkartu dira Tolosan egin duten manifestazioan, Espainiako Gobernua osatuko duen talde politiko berriari eskaerak egiteko.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak mobilizazioekin ekin dio ikasturte berriari; urteak dira Euskal Herriko 80 herri baino gehiagotan elkarretaratzeak eta manifestazioak egiten hasi zirela.

Tolosaldeko Pentsiodunen Mugimenduak bat egin du deialdiarekin, eta gaur egin dute lehen manifestazioa. Harizpe, Iturritza, Beti Gazteak, Bizi Nahi, E Duintasuna eta Oneka taldeetako kideak Tolosako udaletxe aurrean elkartu dira eguerdian, eta Alde Zaharrean barrena ozen aldarrikatu dute, beraien arazoak ez direla desagertu.

Pasa den uztailaren 23an izan ziren Espainiako Hauteskunde Orokorrak, eta orain oso litekeena da alderdi sozialistak berriro gobernatzea. Hauteskundeak baino lehen, alderdiarengana jo zuen Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak, haien hauteskunde-programetan oinarriko aldarrikapenak sar zitzaten. Behin uda igaro ondoren, berriro egingo dute eskaera, proposamenak gobernu-programan jaso ditzaten.

Besteak beste, bizitzaren kostuaren igoera pentsiodunen bizi-baldintzak «izugarri» okertzen ari dela salatu dute gaur. «Prezioen igoerak gero eta zailago egiten digu elikadura osasuntsua eta sendagaiak eskuratzea, mugikortasuna eta tenperatura egokia bermatuko dituzten bizitegi-baldintza duinak izatea edota mendekotasuna artatzeko zerbitzu soziosanitarioak eskuratzea eta abar».

Aldi berean, bankuek, konpainia elektrikoek eta ez-finantzetako enpresa handiek mozkinen errekorra hautsi dituztela gogoratu dute. «Aberastasunaren banaketa desberdinarekin jarraitzen dugu, soldata eta pentsioak murrizten dituena, enpresa handien emaitzen kontua hobetzeko eta gobernu berriak horren inguruan zerbait egin behar du».

Hori dela eta, pentsiodunek kalean jarraituko dute honakoa eskatzen:

  • 1.080 euroko gutxieneko pentsioa, hurrengo gobernuaren berehalako konpromiso gisa, 2023ko urtarrilera arteko atzeraeraginezko ondorioekin.
  • EAEn eta Nafarroako hurrengo aurrekontuetan pentsiodunen gutxieneko diru-sarrerak 1.080 eurora osatzea.
  • Aurtengo abendurako pentsioen erosteko ahalmenaren galeragatiko konpentsazio-ordainsaria berrezartzea. 2013tik (pentsioen erreformaren indarraldiko lehen urtetik) 2018ra, pentsiodunek erosteko ahalmenaren %2,8 galdu zutela adierazi dute, eta 2019tik 2022ra, %6 galdu zutela. «Guztira, %8,8 da. 2023an KPI-a %4tik gora amaitzen bada, %4 baino ez dugu berreskuratuko», azaldu dute.

Horrez gain, pentsioetan dagoen genero arrakalarekin amaitzea nahi dute, hori lortzeko konpentsazio bat ezarriz eta alarguntza-pentsioa oinarri arautzailearen %100eraino hobetuz.

Azkenik, 1.500 eurotik beherako soldatetan, soldataren eta pentsioaren %90etik gorako ordezkapen-tasa bermatzea ere eskatzen dute; beste soldatetan, %80koa izatea aldarrikatzen dute. «Gaur egun, bataz besteko soldaten tasa %72,3koa da, eta hori astungarria da».

Amaitzeko, mobilizazio hauek beraien helburuak lortzeko bermea izaten jarraitzen dutela esan dute, eta horrela egiten jarraituko dutela. Hurrengo hitzordua irailaren 25ean izango da, 12:00etan, Tolosako udaletxe atarian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!