Astelehenean zabalduko da kultur etxeko tailer eta gazte ikastaroetan izena emateko epea

Ataria 2023ko ira. 8a, 15:59

Hamabi ikastaroko eskaintza osatu da: ikasturte osoan zehar egin ahal izango diren bederatzi kultur ikastaro, eta urte amaiera bitarte eskainiko diren gazteentzako beste hiru.

Datorren astelehenean zabalduko da Tolosako kultur etxeko ikastaroetan izena emateko epea. Ohiko moduan, eskaintza orokorra kultur tailerrek eta gazte ikastaroek osatuko dute. Urtero 200dik gora herritarrek parte hartzen dute ikastaro horietakoren batean eta, Goiuri Eceiza, Kultura zinegotziaren esanetan, «horrek argi erakusten du Tolosan badela sormen artistikoetarako jakin-mina». Era bertan, tailer hauetan parte hartzeak «onura indibidual eta komunitarioak» dituela azpimarratu du: harremanak egitea, ikastea, buru-osasuna... Ohiko moduan, aurtengo ikasturtean ere kultur tailer eskaintza zabala izango da aukeran: antzerkia, argazkigintza, balleta, dantza garaikidea, pintura, zeramika… Taldeak gutxienez 8 lagunekoak izango dira eta plaza kopurua baino eskaera gehiago jasotzen dituzten kasuan matrikula eskubidea zozketa bidez erabakiko da.

Arantxa Munita zeramika tailerraren irakasleak azaldu duenez, berak gidatzen duen ikastaroan teknika ugari ikasten dira: «Orokortasun batean ikasten ditugu teknika horiek, eta gero bakoitzak bere erara joaten da egiten. Gero margotu eta egosi egiten da, saltsa pixka bat egoten da, eta giro polita sortzen da».

Hauxe da tailerren eskaintza:

  • Antzerkia (helduak)
  • Argazkigintza hastapena (helduak)
  • Balleta
  • Balleta puntak
  • Dantza garaikidea (helduak). Ohiko taldea eta hastapen taldea.
  • Ehoziri lana eta patchwork-a (helduak)
  • Pintura marrazketa (helduak)
  • Eskulanak (6-10 urte)
  • Zeramika (helduak)

Ikastaroen inguruko informazio guztia ikusgai dago Tolosa.eus webgunean.

Matrikulazioa: noiz, non eta nola egin

Kultur tailerretako iazko ikasleek irailaren 11tik 15era bitarte izango dute matrikula egiteko aukera eta ikasle berriek, aldiz, hilaren 18tik 22ra bitartean. Kultur tailerren kasuan, izapideak Internet bitartez egin behar dira udalaren webgunean, Kultura, Gazteria eta Jaiak Sailaren atalean. Zalantzak argitzeko edota laguntza behar izanez gero, kultur bulegora bertaratu edota 943 67 03 83 telefonora deitu ahal izango da.

Familia ugariek edo guraso bakarrekoek hobariak izango dituzte udal ordenantzen arabera. Bestalde, hobari bereziak ere izan ditzakete, hala eskatzen dutenek, udal ordenantzetan zehazten diren baldintzak betetzen badituzte, eta bizikidetza unitatearen baldintza ekonomikoaren araberako hobariak ere badaude. Horrez gain, urte osorako izena emanez gero, ordainketa egiteko bi aukera eskainiko dira: ordainketa bakarra edo bi zatitan banatuta (%50a abenduaren 11ean eta %50 urtarrilaren 15ean). Urritik abendura izena emanez gero, aldiz, kuota osoa abenduaren 11n kobratuko da.

Gazte ikastaroak

Kultur tailerrekin batera, gazte ikastaroetan izena emateko epea ere zabalduko da, baina kasu honetan, irailaren 12tik aurrera, plazak bete arte. Ikastaro hauek urritik abendura eskainiko dira, euskara hutsean, eta 16tik 35 urte bitarteko herritarrei zuzenduta daude. Aurtengoan, dancehall, kosmetika natural eta joskintza ikastaroek osatuko dute hiruhileko honetarako eskaintza.

  • Dancehall: ikastaro hau urriaren 16tik abenduaren 4a bitarte eskainiko da. Guztira 2 orduko 8 saio izango dira, guztiak astelehenetan, 18:30-20:30 bitartean. 20 euroko kostua du. Ikasleek arropa zein oinetako erosoak eraman beharko dituzte.
  • Kosmetika naturala: urriaren 18an hasi eta abenduaren 20an amaituko da. Kasu honetan ere, bi orduko zortzi saio izango dira eta asteazkenetan eskainiko dira, 17:00-19:00 bitartean. Izen ematea 20 euro dira eta beharrezko material gisa tanita, morteroa eta kristalezko ontzia eraman beharko dituzte ikasleek.
  • Joskintza: patroigintza eta moda diseinua izango ditu oinarri ikastaro honek. Urriaren 19an hasi eta abenduaren 14an amaituko da. Bi ordu eta erdiko hamar saio izango dira, ostegunetan, 18:30etik 21:00etara. Izen ematea 25 euro dira eta ikasleek josteko makina eraman beharko dute.

Matrikulazioari dagokionez, izen ematea online egin beharko da. Matrikula orria eskuragarri dago udal webgunean, Gazteria atalean. Behin hori behar bezala beteta, emailez bidali beharko da gazteria@tolosa.eus helbidera. Ordainketa kreditu txartelarekin egingo da behin plaza konfirmatutakoan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!