TAK-eko arraunlariei harrera, igandean

Ataria 2023ko irailaren 7a

TAK-eko arraunlariak pasa den igandean, garaipena zaleekin ospatzen.

Tolosako Udalak harrera egingo dio Tolosaldeko Arraun Klubari igandean, Kontxako Banderako irabazlea edozein dela ere.

Udalak gogoratu du pasa den igandean Tolosaldeko Arraun Klubeko traineruak «balentria itzela» egin zuela lehen aldiz Kontxako Banderaren lehen jardunaldian lehen postua lortuta, eta ondorioz, harrera egingo die igandean arraunlari eta ordezkariei, klubarekin hala adostuta. Ekitaldia 20:00etan izango da, Plaza Zaharrean; arraunlariak kalejiran iritsiko dira, txaranga doinuek lagunduta, eta udaletxe barruan eskualdeko udaletako ordezkariekin batera aitortza ekitaldi motz bat egingo die, gero aterako dira balkoira. «Ea bandera astintzeko izaten den!», gaineratu du. Era berean, gogoratu du «aukera historiko» baten aurrean daudela eta zorterik onena opa dio traineruari, «baina emaitzatik harago, ordea, balioan jartzekoa da denboraldian zehar lortutakoa, baita horretarako talde guztiak urte osoan zehar egindako lana ere». 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!