Euskararen «bidaia harrigarrian» parte hartzera animatu dituzte herritarrak

Ataria 2023ko ira. 7a, 16:00

Aitzol Udal Euskaltegiak matrikulazio epea zabaldu du, irailaren 21era arte; aurten 16-18 urte bitarteko gazteek C1 maila lortzeko ikastaroetan diru laguntza izango dute estreinakoz.

Euskara, bidaia harrigarria lelopean ekin dio Aitzol Udal Euskaltegiak ikasturte berriari, herritar oro bidaia horretan murgiltzera gonbidatuz. Izan ere, Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkateak eta Ainara Arakama euskaltegiko zuzendariak esan dutenez, «merezi du eta ateak zabaltzen ditu». Irailaren 21era arteko epea dago euskaltegiak eskaintzen dituen ikastaroetan matrikula egiteko.

Tolosar edota inguruko herrietako biztanle orori irekitako gunea dela Aitzol Udal Euskaltegia nabarmendu dute. Maila eta modalitate ezberdinetako ikastaroak eskaintzen ditu, norbere beharretara egokitu ahal izateko: aurrez aurreko taldeak, autoikaskuntza, titulu ofizial guztiak prestatzeko aukera, etorkinentzako ikastaro bereziak, eskola-umeen gurasoei zuzendutako talde bereziak, hizketarako gaitasuna lantzeko aukera ematen duten mintzataldeak... Ordutegiari erreparatuta, berriz, astean 10, 8, 6 eta 5 orduko moduluak eskaintzen ditu, goizean goizetik iluntzera arte, aurrez aurre. Euskaltegira bertaratu ezin direnentzat autoikaskuntza egiteko aukera ere eskaintzen du. 

Taldeak martxan jartzeko, ordea, gutxienez zortzi ikasle izatea ezinbestekoa dela esan dute. «Horregatik, garrantzitsua da interesa duen oro matrikula garaian etortzea, baliabideak orain baititugu eskura», adierazi du euskaltegiko zuzendariak.

Diruz lagundutako ikastaroak

Berrikuntza nagusi bat izango du aurtengo ikasturteak: estreinakoz, 16-18 urte bitarteko gazteentzat diruz lagundutakoak izango dira C1 maila lortzeko ikastaroak. HABEk martxan jarritako laguntzaren bitartez, ikasle horiek 20 euro ordainduko dute ikastaroagatik. «Aurrekaririk gabeko diru laguntza da, beraz, interesa duten gazteei informazio bila hurbiltzeko deia egiten diogu», gehitu du Arakamak. 

Dira laguntza gehiago ere badira euskara ikasteko. Euskararen erabilera eta normalizazioa areagotzeko helburuarekin, Tolosako Udalak B2 maila bitartean %75eko diru laguntza ematen die bertan erroldatutako herritarrei; %50ekoa C1ekoei, eta %25ekoa C2koei. Horrez gain, agiri ofizial guztiek dute HABEk emandako diru laguntza.

Irailaren 21a bitarteko epea

Euskara ikasi nahi duen 16 urtetik gorako edonork du ikastaroetan izena emateko aukera, «edozein dela ere bere maila»: euskaraz ezer ez dakitenek, kanpotik etorritakoek, alfabetatu gabeek, jubilatu berriek, merkataritza zein ostalaritzako langileek, kolektibo ezberdinetako kideek (Osakidetza, epaitegia, udal langileak…) edota agiri ofiziala eskuratu nahi dutenek. «Aitzol Udal Euskaltegian gogotsu gaude euskarara gerturatu nahi duten guztiei zerbitzua emateko, hori baita gure lana, herritarrek euskararekin duten harremana hobetzen bidelagun izatea», adierazi du euskaltegiko zuzendariak.  

Ikastaroetan izena emateko epea irailaren 21ean amaituko da. Matrikula euskaltegian bertan egin beharko da, aurrez aurre. 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:30era bitartean izango da horretarako aukera. Informazio gehiagorako, berriz, 943 65 10 06 telefono zenbakira deitu edo aitzolue@tolosa.eus helbidera idatzi ahal izango da.

200 ikasle baino gehiago

Lau hamarkada baino gehiagoko ibilbidea du Aitzol Udal Euskaltegiak, eta denbora horretan euskararen ezagutza zabaltzeko egindako ekarpena balioan jarri nahi izan du Andu Martinez de Rituertok: «Denbora horretan, eskaintza indartzeko, eguneratzeko, eta hobetzeko egin duzuen lanak balio handia du. Eta oraindik bide asko dugu egiteko, euskarak baduelako zer irabazia, esparru askotan: erabilera ohituretan, presentzian, etorkinen euskalduntzean, helduen alfabetatzean, maila jasoaren zabalkundean…».

Ainara Arakamak ere Udal Euskaltegian euskararen alde egindako ibilbide eta esfortzuari egin dio erreferentzia, eta bide horretan urrats gehiago emateko asmoa badutela ere azpimarratu du: «Ikasturteko 200 ikasle ingururi ematen diogu zerbitzua, bai Gorosabel eraikinean, baita Amarotz auzoan ere. Ohiko taldeez gain, herriko beste erakunde batzuetan eta ikastetxeetan ere ematen ditugu klaseak, gazte atzerritarrak euskarara hurbiltzen edota etxez etxeko zaintza-zerbitzuan zaintzaileak euskaran trebatzen. Aurten beste esparru batzuetara zabaltzen jarraitu nahiko genuke, besteak beste, ostalaritzan eta merkataritzan. Hau guztia, noski, udalak duen Euskara Sustatzeko Ekintza Planaren barruan».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!