Elkarrizketa

«Sekulako bidaia izaten ari da, oso polita, pelikula baten modukoa»

Imanol Garcia Landa 2023ko ira. 6a, 15:59

Azken urte eta erdia bidaia berezia izan da Gorka Sorarrainentzat (Tolosa, 1996). Afizionatu mailako txirrindulari probetan lehiatzen hasi zen aurreko urtean, independente moduan, hau da, talderik gabe. Maila ona eman zuen eta Baque taldeak fitxatu zuen. Urte bukaeran, bere adinagatik ezin zuen afizionatu mailan jarraitu, eta egutegi profesionala egiten duen BAI-Sicasal taldea azaldu zen bidean.

Urte honetako lehen zazpi hilabeteetan talde horretan aritu da. Espainiako Txapelketan bosgarren egin zuen, eta hori izan zen pizgarria interes berezia sortzeko beste taldeetan. Caja Rural taldeak eginiko eskaintza onartu eta abuztuaren hasieratik talde horrekin ari da lehian.

Nola iritsi zen Caja Ruralen eskaintza?

Denboraldi nahiko txukuna egiten ari nintzen BAI-Sicasal taldearekin, baina Espainiako Txapelketa izan zen mugarria. Portugalgo egutegia egiten nuen batez ere, eta ez nituen sekulako emaitzak lortu, baina tarteka lehen hamarretan sailkatu izan nintzen. Espainiako Txapelketa beste maila bateko proba da eta bosgarren egitea sekulako booma izan zen. Ekainaren bukaeran izan zen hori eta hurrengo bi asteak oso mugituak izan ziren, telefonoa denbora guztian deika izan bainuen. Ez zen erabaki erraza izan, baina Caja Ruralen eskaintza onena iruditu zitzaidan. Maila bereko beste bi talderen deia ere jaso nuen. Urte bukaera arte gehi beste bi urteko hitzarmena sinatu dut. Talde indartsua da Caja Rural eta hori erakusten ari dira oraintxe Espainiako Vueltan.

Nola izan zen Espainiako Txapelketaren bosgarren postu hori?

Ondo iritsi nintzen, baina ez nuen espero horrelako emaitza lortzea bertan zegoen jendearekin. Erlojuaren aurkakoa bai prestatu nuela ondo, baina egun txarra izan nuen. Hortik bi egunera, bosgarren egitea oso berezia izan zen. Ez nuen espero hain aurrean bukatzea, baina indarrez amaitu nuen.

Gaur egun kontratu profesionala duzu, eta orain urte eta erdi talderik gabeko afizionatua zinen. Zer suposatzen du horrek?

Sekulako bidaia izaten ari da, oso polita, pelikula baten modukoa. Orain urte eta erdi ez nekien tropel barruan joaten; probatzen hasteagatik hasi nintzen eta pausoak ondo atera zaizkit. Ez da erraza izan, aurreko urte bukaeran ez bainekien jarraituko nuen, eta BAI-Sicasal taldearekin aritzea abentura bat zen. Lehen hilabeteak gogorrak izan dira, berez ez nuelako kontratu profesional bat, eta nire lanarekin uztartu behar izan dut. Baina aurreko urtean horrelako hobekuntza izan ondoren, ez nuen nahi horrela utzi. Banekien oraindik aurrerapausoa handia nuela emateko, eta arriskua hartu nuen, aukera bakarra izan zen BAI-Sicasal taldearena. Inork ez dit ezer oparitu eta gauzak ahalik eta ondoen egiten saiatuz, justu egunik garrantzitsuenetakoan edo oihartzun handiena zuenean, urteko karrera onena atera zen. Egun batek dena aldatzen du; egun horretan katea atera balitzait kilometro baten faltan, ez nuke deirik izango.

BAI-Sicasal taldearekin egindako hilabeteak nolakoak izan dira?

Lanarekin uztartu behar izan dut, eta ez da erraza izan. Egutegi gehiegi ere ez nuen izan, eta jai egunak hartzen aritu nintzen lehiatzeko. Lanetik ateratzekoan eta gauez entrenatzen nuen. Azkenean amateur bizitza egiten jarraitu nuen. Adibidez Porto aldean karrera bat amaitu 17:00ak aldera zazpi orduko etapa bat euripean, berrogeik bakarrik bukatu genuena, eta furgonetan sartu eta beste zazpi orduko bidaia hona 02:00etan iritsi, eta gero lanera joateko. Esperientzia horrek baloratzen laguntzen dit orain daukadana. Iraila martxan hasi da, eta astelehen goiz batean bost orduko buelta bat ematea... Lana da, baina pasioa ere bai, eta asko baloratzen dut natorren lekutik etorrita.

Orain benetan profesionala zarela esan dezakezu?

Bai, eta orain ohitu egin behar dut. Orain arte hobby bat zen eta orain erabat aldatu egin da, eta oso pozik nago.

Dagoeneko Caja Ruralekin Portugalgo Itzulian parte hartu duzu. Nola joan da?

Ez da izan amestutako hasiera. Bigarren etapan erori egin nintzen. Hurrengo bi egunetan hobeto sentitu nintzen, baina hirugarrengo egunean infektatu egin zitzaizkidan zauriak, eta sufritzen aritu nintzen, hustuta karreran zehar, eta zortzigarren etapa inguruan utzi egin nuen.

Urte bukaerara arte zer egutegi izango duzu?

Malaysiara joango gara, Langkawiko Tourra egitera. Irailaren 23an hasten da eta zortzi etapatako itzulia izango da. Asian ez naiz inoiz izan, eta ilusioa egiten dit bertara joateak. Orain bi urte ordaintzen ari nintzen Andorran zikloturista martxak egiteko eta orain nire lana izatea eta Malaysiara joatea lasterketa batera, ederra da.

Zer asmo dituzu orain Caja Ruralen zaudela? Zer espero du taldeak zugandik?

Urte bukaera hau egokitzapenerako izango da, eta egia esan ez dugu hitz egin hurrengo bi urteetako helburuez. Asmoa da nire lekua bilatzea taldean. Azaroan izan ohi da planifikazioa egiteko garaia eta hor hitz egingo dugu. Badakit zer txirrindulari mota naizen, baina oraindik berria naiz, eta oraindik hobetzeko gauzak ditut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!