ERREPORTAJEA

Eskulturak batu dituen bi herri

Jon Miranda Labaien 2023ko ira. 8a, 07:59

Herbehereetako eta Euskal Herriko 57 eskulturagileren lanak bildu ditu Zizelkatzen mugarik gabe erakusketak. Bi herrialdetako lau elkartek abiatu dute elkarlana, mugaz gaindiko artisten obrak ezagutarazteko; urrian zortzi euskal eskulturagilek bidaiatuko dute Herbehereetara.

Euskal Herriko Azken Muga eta Euskuahaldunak eta Herbehereetako Leersumgo Kunstgilde eta Utrechteko Sttichting elkarteen arteko lankidetzaren emaitza da urriaren 7ra arte Tolosako Aranburu jauregian ikusgai izango den Zizelkatzen mugarik gabe erakusketa. Bi herrialdeetako 57 eskultoreren obrak jaso dituzte bertan eta behin Tolosakoa amaituta, urriaren 12tik azaroaren 5era Herbehereetako Den Dolder herrian ikusgai izango da erakusketa hau bera. Guillermo Olmo (Zugaztieta, Bizkaia, 1960) Euskuahaldunak euskal eskultoreen elkarteko presidentearen arabera urte asko dira eskulturagile euskaldunak elkarrekin Europara ateratzen ez direla. «Egin ditzagun harremanak Europako beste herrialdeekin, hori baita bidea herri honetan eskulturak izan duen garrantzia berreskuratzeko», esan du Olmok.

 

Guillermo Olmo: «Hau da bidea, herri honetan eskulturak izan duen garrantzia berreskuratzeko»



Iritzi berekoa da Uxue Lasa (Getaria, Gipuzkoa, 1984) eta sinistuta dago euskal eskultura aro berri batean sartuta dagoela: «Oteiza eta Txillida oso ondo daude, baina orain beste mugimendu batzuk badaude, eta uste dut kanpoan erakutsi behar dugula zer egiteko gai garen». Olmo eta Lasarekin batera, beste hainbat euskal eskultoreren lanak bildu dituzte Zizelkatzen mugarik gabe erakusketan. «Garai bateko artista handien itzalpean jarraitzen dugu, baina tendentzia berriak eta lan egiteko modu berriak ditugu gaur egun. Lehen eskultoreena oso gizonezkoen lanbidea zen, eta orain emakume gehiago gabiltza. Kostatzen zaigu jende gaztea animatzea, baina euskal eskultoreen elkartearekin indarrak batu nahi ditugu jendea gerturatu dadin», nabarmendu du Lasak.

 

Uxue Lasa: «Eskultoreena oso gizonezkoen lanbidea zen, orain emakume gehiago gabiltza» 



Ikusgai diren obretako baten egilea da Angel Navas (Tolosa, 1960). Berariaz sortu du eskultura erakusketa honetarako eta Agote izenburua jarri dio. Egurrez, burdinez eta eztainuz egindakoa da eta eskuz landutakoa. Eskulanaren garrantzia azpimarratu du eskultore tolosarrak: «Belaunaldi berriak ibili badabiltza, baina ikus-entzunezko lanak egiten dituzte gehienbat. Teknologia asko baina eskulan gutxi. Lehengo ofizioak bukatzera doaz». Navasi materialak nahastu eta probatzea gustatzen zaio, materialak manipulatzea. Esperimentatzeko modu hori belaunaldi berriei transmititu nahi die, eta Euskuahaldunak elkartearen bitartez saiakera horretan dabiltzala esan du.

 

Angel Navas: «Teknologia asko baina eskulan gutxi; lehengo ofizioak bukatzera doaz»



Lasak ere osatu du eskultura erakusketa honetarako: harriarekin eta eskaiolarekin egindako obra bat da. «Zerbait ezberdina egiten saiatzen naiz beti, nahiz eta horrek berekin arriskua ere badakarren. Nik, ordea, horrelaxe disfrutatzen dut. Normalean eskultura ez da oso ekologikoa izaten, erretxinak eta material kutsakorrak erabiltzen dira, eta ni saiatzen naiz, ahal den neurrian, eskultura jasangarriagoa egiten». Lasak bezala, harria erabili dute Herbehereetatik etorritako eskulturagileetako askok. Arreta eman dio horrek artista gipuzkoarrari: «Emakume gehienek harriarekin egiten dute lan eta hemen hori ez da ohikoa izaten. Gainera harri mota ezberdinak lantzen dituzte. Oso ikusgarriak dira horietako asko, marmol berde eta urdinak ikusi ditut, baita alabastroa ere. Harrigarria egin zait nola lantzen duten harria, eta azpimarratzekoa da eskulturagile gehienak adin batetik aurrerakoak direla».

Herbehereetatik ekarritakoak landuta dauden eskulturak dira, Navasen hitzetan. «Ikusten da atzetik badutela prozesu bat. Gauza oso onak eta politak ekarri dituzte, mezuz beterikoak». Eskulturagile tolosarrak ere bere eskulturarekin mezu bat zabaldu nahi izan du: «Agoteek harria eta burdina lantzen zituzten eta horregatik erabili dut material hori eskultura honetan. Haien mundua ezagutzera eman nahi nuen. Bide batez, gaur egungo etorkinekin ere alderatu nahi nuen agoteen bizimodu hori, etorkinei askotan haiei ematen zaien tratua berdina egiten zaielako». Bihotzetik ateratzen zaion bezala lan egiten duela dio Navasek.

Hori bera uste du Huibert Straus Herbehereetatik Tolosara etorritako eskulturagileak: «Lan hauek ikusten da bihotzarekin eginak direla. Artista batek aisa ikus dezake lan bat bihotzarekin egina dagoen edo besterik gabe, teknikarekin. Ikusten da artistek euren arimaren parte bat jarri dutela obra hauetan». Txilen jaiotakoa, Latinoamerikan hazitakoa, 14 urte zituenetik bizi da Herbehereetako Leersum hirian eta Kunstgilde elkarteko kidea da Straus. Duela urtebete Iruñean oporretan zela egin zuen topo Euskuahaldunak elkartekok Ziudadelan jarritako erakusketa kolektiboarekin. «Hura ikusi eta zerbait egin behar genuela jarri zitzaidan buruan. Harremanak hasi eta oso hunkigarria da ikustea nola gauzatu diren gure asmoak». Berarekin batera, Euskal Herrian da Betty Nijman eskulturagile nederlandarra. Datozen egunotan, beste hainbat lagun iritsiko dira Herbehereetatik.

Tartean izango da Else Ringnalda (Amsterdam, 1988) artista. Bere obra giza irudian oinarritzen da eta brontzezko eskulturak egiten ditu. Bere lanak ingurune naturalean ezartzen ditu, gehienetan uretan. Herbehereetan obra publikoak jarrita dauzka laku eta urmaeletan. Zizelkatzen mugarik gabe egitasmoaren barruan, bere eskulturak Tolosara ekarri ditu Ringnaldak eta Oria ibaian jarri zituen, Zerkausiaren parean. Iragan asteburuan izandako denboralearen ondorioz baina, eskultura hauek eraman zituen ibaiaren urak. Eskultura bat galduta dago momentuz eta gainontzekoak berreskuratu badituzte ere, momentuz ez dituzte berriro kokatu. 


Straus, Nijman eta Ringnaldak aurtengo Azken Muga jaialdian parte hartuko dute.

Euskal eskulturagileak gehiago izanik, erakusketa orekatzeko, Herbehereetako artista bakoitzak bina obra jarri ditu Zizelkatzen mugarik gabe erakusketan. Strausek ere bi ekarri ditu. Haietako batekin kritika soziala egin nahi izan du. «Qatarren ospatutako Munduko Futbol Txapelketaren harira oso baldintza kaxkarretan aritu zirela estadioak eraikitzen. Horregatik olibondoaren egurra hartu dut langile horiek irudikatzeko eta FIFAren logoa izan litekeena jarri diot bizkar gainean, zama bat bailitzan», esan du Strausek.

Tolosako Udalak ere, ongietorria egin nahi izan die Herbehereetatik etorritako artistei. Udalaren izenean Andu Martinez de Rituerto alkateak esan du arteak muga kultural eta linguistikoak gainditzeko ahalmena duela: «Arteak ez du mugarik, ez fisikorik, ezta sormenari dagokionik ere. Erakusketa hau da horren lekuko, bi herrialde lotzeko balio duen ekimena da». Erakusketaren antolakuntzan jardun duten lau elkarteei eskerrak eman dizkie alkateak eta egindako lanagatik zoriondu ditu erakusketako 57 artistak. «Jarrai dezagula harremanak egin eta artearen bitartez ikasten», esan du Martinez de Rituertok.

Olmok nabarmendu nahi izan du Tolosak garrantzia handia duela euskal eskulturgintzaren barruan. «Tolosako Ekinbide Etxetik abiatu zuten bideari esker, ibilbide eskultoriko paregabea dugu, herri gutxik duten ondarea pilatzen da hemen. Euskal eskulturgintzak bizi duen aro berri honetan ere, Tolosa erdigunean egotea nahi genuke», esan du Euskuahaldunak elkarteko presidenteak.

Zortzi urte dira Azken Muga elkartea sortu eta Bedaion, Zaraten, jaialdia antolatzen dutela urtero. Bertan abiatutako dinamikaren ondorioz sortu zen Euskal Herriko eskulturagileak batzen dituen elkartea. «Harro egoteko moduan gaude», esan du Olmok. Aurrera begira, Azken Muga eta Euskuahaldunak elkartetik ekimen gehiago iragarri dituzte euskal eskulturgintzari bultzada emateko.

Urrian Herbehereetara

Joan-etorriko bidaia izango da Zizelkatzen mugarik gabe erakusketak egingo duena. Urriaren 7ra arte egongo da Tolosako Aranburu jauregian erakusketa, eta ondoren, obra guztiak bildu eta zortzi euskal artistek Herbehereetako Den Dolder herrira joko dute. Erakusketa hau bera bertan jarriko dute urriaren 12tik azaroaren 5era. Strausek nabarmendu du euren elkartearen egoitzan hainbeste lan biltzeko tokirik ez zutela, baina espazio handiago bat lortu dutela erakusketa hau patxadaz ikusi ahal izateko. «Pozez txoratzen hartuko ditugu hemengo artistak, eta saiatuko gara guri hemen egin diguten harreraren parekoa egiten», aipatu du eskulturagile nederlandarrak.

Herbehereetara bidaiatuko duten artisten artean daude Olmo, Lasa eta baita Navas bera ere. Azken honek gogoa du hara joateko eta bertako artistekin harremanak egiteko. «Gure eskultura mundura zabaldu nahi dugu, bestela hemen ghetto batean bezala sartuta geratuko gara». Eskultura unibertsala da, hala ere, Strausen esanetan: «Garrantzitsua da munduan zehar libre bidaiatu ahal izatea, eta gure sentimenduak libreki adierazi ahal izatea. Hippy zahar bat naiz ni eta horrelako ekimenek bihotza betetzen didate. Elkarbanatzea da bizitzaren funtsa, ez baditugu gauzak gure artean elkarbanatzen ez gara pertsonak. Horrek egiten gaitu gizaki».

 

Huibert Straus: «Ez baditugu gauzak gure artean elkarbanatzen ez gara pertsonak»



Esperientziak eta artea partekatzeko aukera izango da, beraz, urriaren 7ra bitartean Aranburu jauregian. Asteartetik larunbatera ikusgai izango da Zizelkatzen mugarik gabe erakusketa, 17:30etik 20:30era. Irailaren 14an, halaber, bisita gidatua eskainiko da erakusketan zehar eta parte hartu duten artisten azalpenak entzuteko aukera izango da. Gainera, Alaitz Artola musikariak girotuko du ekitaldia.

57 eskulturagileren lanak Aranburun


Herbehereetako 17 artisten lanak izango dira ikusgai egunotan Tolosan, bina eskultura ekarri dituzte mostran erakusteko. Gainerako lanak euskal eskulturagileenak dira.

ERAKUSKETA

URRIAREN 7RA ARTE

17:30 - 20:30. Asteartetik larunbatera ikusgai izango da erakusketa Tolosako Aranburu jauregian.

IRAILAK 14 OSTEGUNA

19:00. Bisita gidatua erakusketan zehar. Alaitz Artola musikariak saioa eskainiko du Aranburu Jauregian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!