'Eraikuntzarako materiala', iraileko tertulia literarioan

Ataria 2023ko irailaren 5a

Eider Rodriguez, Uxue Alberdirekin batera, Sormenetik egitasmoko saio batean.

Irailaren 26an, asteartea, ikasturte berriko lehen saioa egingo du Galtzaundi Euskara Taldeak. Eider Rodriguez idazlearen liburuari buruz ariko dira, 19:00etatik aurrera, Tolosako kultur etxean.

Irailaren 26an ekingo dio berriz ikasturte berriari Galtzaundiren tertulia literarioak. Lehen irakurgaia, Eider Rodriguez idazle errenteriarrak 2021ean argitaratu zuen Eraikuntzarako materiala liburua izango da. Saioa 19:00etan hasiko da Tolosako kultur etxean, eta ohiko moduan, Yurre Ugartek dinamizatuko du taldeko dinamika.

Sinopsia: Harea, zementua, karea. Zerekin taxutu absentzia? Nola zutitu ez dagoena? Zegoenean ere, maiz erortzear zena? Etxeak egiteko behar den guztia saltzen zuen aita bat. Alkoholak blaitutako aita bat. Heriotzaren atezuan abiatzen du kontakizuna liburu honetako narratzaileak. Heltzear da, helduko da, eta hainbestetan sofatik lan handiz altxatzen ikusitako aita, kalea balantzaka zeharkatu eta bulegoaren iluntasunean gotortzen zena, hitzekin laztantzeko modu bat entseatuko du alabak. Batera eta bakarka izandakoaren memoria sortu. Zaldiak, igerilekua, kaleko jendea, bigarren etxe izandako almazena, sua, azulejuak, soldaduskako eskutitzak, Benicassimeko apartamentua, gasolina, landareak. Aita baten puskak bildu ditu Eider Rodriguezek bere aurreneko nobelan. Denboran luzatutako gainbeheran murgildu, eta, izendatu ezin direnen aurrean, eremu laiotz bat argitu.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!