Usabal Kiroldegiaren egoerari irtenbidea emateko Tolosako Udalak egindako proposamenari uko egin dio kiroldegia kudeatzen duen BPXport enpresak. Honenbestez, akordioaren bidea agortutzat jo du udalak, eta prozedura administratiboak abiatu ditu zerbitzu hori berrezarri dadin.
BPXport enpresaren eta langileen arteko desadostasunari aurre egiteko helburuarekin, 2024 urteko tarifetan aldaketa egitea proposatu zion udalak BPXport enpresari abuztuan. Hain justu, datorren urterako kuotetan %2,5eko igoera ezartzea proposatu zuen, eta udaletik azaldu zutenez, indarrean dagoen emakida kontratu motaren ondorioz, legalki, egoera epe motzean desblokeatzeko «aukera bakarra» zen hori.
Bada, BPXport enpresak ez du proposamena onartu. Ondorioz, akordioaren bidea agortutzat jo du udalak, eta hurrengo urratsen bide-orria finkatu du. Hala, "kontratuan jasota dagoena denbora luzez betetzen ari ez direla ikusita", prozedura administratiboak hasi ditu zerbitzuak berrezartzeko helburuarekin.
Tolosako udal gobernutik adierazi dutenez, orain arte irtenbidea epe motzean bilatu nahian aritu dira: «Indarrean dagoen kontratu motagatik, legez genituen aukera urrien artean, eperik motzena eskatzen zuen aukera lehenetsi dugu». Enpresak azken proposamenari uko egin ostean, zerbitzua epe motzean berreskuratzea ahalbidetuko luketen aukerak agortutzat eman ditu udalak, abiatu dituzten prozesu administratiboek «beste denbora batzuk» eskatzen baitituzte.
Udaletik esan dute prozesu administratiboek irauten duten bitartean, «zuhurtziaz» jokatzen jarraituko dutela, «egoera konpontzeko bidean emango diren hurrengo urratsak ez baldintzatzeko». Zentzu horretan udalaren konpromisoa «erabatekoa eta irmoa» dela aitortu dute: «Kiroldegia zabalik nahi dugu, eta ahalik eta azkarren irekitzeko lanean jarraituko dugu».
Lau hilabete greban
Maiatzaren 8tik greba mugagabean daude Usabal kiroldegiko langileak. 2020 urtean bukatu zitzaien lan hitzarmena berritzerako orduan, langileentzat «oso garrantzitsuak» diren hiru puntutan —eskolen prestaketak lanordu bezala kontuan hartzea, asteburuetan sarreran lan egiten dutenen lana gehiago baloratzea eta 2022ko erosahalmena berreskuratzea— ez dute adostasunik lortu BPXport enpresa kudeatzailearekin, eta negoziaketa «blokeatuta» zegoela ikusita grebara jotzeko erabakia hartu zuten. Kiroldegiak lau hilabete egingo ditu itxita aste honetan.