Eduardo Mocoroa Udal Musika Eskolako matrikulazio epea zabalik dago ikasle berrientzat

Ataria 2023ko ira. 5a, 07:58

Ekaineko izen emateari jarraiki, ikasle berriek matrikulatzeko aukera izango dute orain ere, plazak bete arte. Izapideak musika eskolan egin behar dira, astelehenetik ostiralera, goizetan, 10:00etatik 13:30era.

Iraila hastearekin batera zabalik dago berriro Eduardo Mocoroa Udal Musika Eskolako matrikulazio epea ikasle berrientzat, plazak bete arte. Ikasle berrientzako hutsik geratzen diren plazak zuzenean esleituko dira, musika eskolaren administrazioan eskatu ahala.

Familia ugariek edo guraso bakarrekoek diru sarrerei dagozkien prezio murrizketak izango dituzte udal ordenantzen arabera. Horretarako eskaera orria bete behar dute guztiek, bai jada ikasle direnek, baita ikasle berriak direnek ere. Bestalde, prezio murrizketa gehiago ere izan ditzakete hala eskatzen dutenek, udal ordenantzetan zehazten diren baldintzak betetzen badituzte. Informazio guztia hemen.

Maila eta kurtsoen eskaintza

  • 1. zikloa: 4, 5 eta 6 urtekoentzako tailerrak: jolasak, kantuak, entzumena, erritmoa.
  • Aurre-hasiera: 7 urtetik aurrera, musika irakurri eta instrumentuak ezagutu.
  • 2. zikloa: 8 urtetik aurrera, instrumentua, musika hizkuntza, taldeak edota korua.
  • Helduak: 18 urtetik aurrera, musika hizkuntza, instrumentua, taldeak edota korua.

Matrikulazioa non eta nola egin

Izapideak musika eskolan egin behar dira, astelehenetik ostiralera, goizetan 10:00etatik 13:30era. Edozein zalantza argitzeko, bertaratu, 943 65 15 93 telefonora deitu, edota musika@tolosa.eus helbidera idatzi behar da. Matrikula orriak eta matrikularako baldintzak esteka honetan daude eskuragarri.

Eskaera egiterako garaian titularraren ordezko batek egingo balu edota kontu korrontean aldaketarik egongo balitz, UDATEra (Herritarren Arreta Zerbitzura) jo behar da kasu bakoitzari dagokion inprimakia eskuratu eta betetzeko, edo izapidea telematikoki egin beharko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!