ELKARRIZKETA

«Abesti bakoitzak bere indarra du eta mundu propio batera eramaten zaitu»

Aitor Arroyo Askarai 2023ko ira. 1a, 07:59

Urbil Artola. ANE MENDIZABAL / OBH

Zortzi kantuk osatzen dute 'Belar hostoak' diskoa. Bihar, Tolosako Aldaba auzoan eskainiko dute kontzertua, 19:00etan. Proiektuaren berri eman du Urbil Artola musikariak.

 

Walt Whitman idazle estatubatuarraren Belar Hostoak [Leaves Of Grass] liburutik zenbait testu euskaratu, abesti bilakatu eta argitaratu zituen Txomin Artolak 1978an. Ia bost hamarkada geroago, Urbil Artolak (Hondarribia, Gipuzkoa, 1972), haren semeak, lehen disko hartako kantuak berrikusi, moldatu eta bertsio berri bat osatu du. Ibilbide luzeko musikaria da Artola, besteak beste, Sorotan Bele taldeko gitarra jotzailea eta abeslaria izan zen, eta gaur egun parte hartzen du beste zenbait proiektutan ere. Asebeteta hitz egin du aitaren lanaz, proiektu berriaz eta aurrera begirako asmoez.

Zein da 'Belar hostoak' obraren istorioa?

Belar hostoak da errepertorio bat osatu genuena duela urte eta erdi edo, eta eskaintzen duguna da Txomin Artolak 1978an argitaratu zuen diskoaren berrinterpretazio bat. Eta disko hura zer izan zen? Bada, Txomin Artolak Walt Whitman idazlearen olerkiak euskaratu zituen, eta ondoren musikatu. Guk, berriz, duela urte eta erdi edo jaso genuen Bilboko Loraldia jaialditik eskaera moduko bat, non proposatzen ziguten disko hura berrinterpretatzea. Nik nahi nuen moduan egiteko aukera eman zidaten, eta taldea osatu nuen; denera bost lagun gara: Jon Gurrutxagak abesten du; Andoni Etxebeste perkusioan; Antxon Sarasua teklatuan, akordeoian eta baxuan; Dani Venegas gitarrarekin eta mandolinarekin; eta ni.


Ezker-eskuin, Dani Venegas, Antxon Sarasua, Urbil Artola, Jon Gurrutxaga eta Andoni Etxebeste. GARI GARAIALDE


Zer topatuko du Aldabara joaten denak?

Gutxi gorabehera ordubeteko iraupena du errepertorioak, eta Whitmanen testuak ere sartzen ditugu abestien artean. Ez kantu guztien artean, baina batzuen artean bai, eta horiek ere musikatzen ditugu. Baina testu horiek errezitatu egiten ditu Jonek, eta atzetik sortzen dugu fondoko musika bat edo.

Horiek ere euskaratuta dira; dena da euskaraz. Tarteko testu horiek aukeratzen asko lagundu digu Joxerra Gartziak, eta hurrengo abestiaren ildotik doazen hitzak dira; orduan, nolabait prestatzen du entzulea datorrenerako. Horrez gain, maiz etortzen da Txomin Artola bera, aita. Disko guztian Jonek jarri du ahotsa, baina azken abestiko zatia berak egiten du eta tarteka animatzen da emanaldietara ere justu zati hori egitera.

Aspalditik ezagutzen dituzu abestiak. Nola eragin du horrek proiektua garatzeko garaian?

Egia da nik oso barneratuta nituela kantuen bertsio originalak. Baina hasi ginenean bertsio berriak lantzen eta… egokitzapen bat behar da, zalantzarik gabe, baina pixkanaka joaten zara berriak asimilatzen eta beste ikuspuntu batetik prestatzen.

 

«Zenbait hitz gaurkotu egin ditugu, euskara ere aldatu delako denbora honetan»



Gainera zenbait taldekidek originalak ez zituzten ezagutzen, eta horientzat errazagoa izango zela pentsatzen dut. Horrez gain, 78ko bertsio hartatik egon dira aldaketak hitzetan ere; nahiko sotilak, baina egon dira. Horretan ere Joxerrak lagundu zigun. Zenbait hitz gaurkotu egin ditugu, euskara ere aldatu delako denbora honetan eta esaldi batzuk gaur egun beste modu batera esaten direlako. Nik, batzuetan, bitan pentsatu behar izaten dut: bertsio zaharrean modu batera zen, baina orain horrela da. Zalantzak gehiago daude lotuta hitzei, arlo musikalari baino.



Zein da zuretzat bildumako kanturik kutunena?

Bi aukeratu beharko nituzke: bata testuari dagokiona; eta musikari, bestea. Bi mundu oso ezberdin dira niretzat; eta elkartuta funtzionatzen dutenean beste indar bat hartzen dute. Gustatzen zait, esaterako, Abereen artean, hitzak asko gustatzen zaizkidalako; baita Lur osoaren erasoak ere, arrazoi beragatik. Kutunena esatea zaila da. Arrastirian hondartzan ere asko gustatzen zait… Denak esango nituzke, benetan! [Barrez].

Whitmanek asko idatzi zuen, eta aitak aukeratu zituenean testu batzuk, zerbaitegatik hautatu zituen. Abesti bakoitzak bere indarra du eta mundu propio batera eramaten zaitu.

Diskoaren bertsio berria egiteko bost laguneko taldea osatu duzu. Zergatik jo duzu horiengana?

Nabarmendu nahi dut niretzat oso berezia zela disko hau berriro plazaratzeko aukera izatea. Beste ezer baino lehen, asmoa izan da konfiantza handia nuen musikariekin eta lagunekin elkartzea. Honekin hasieratik disfrutatu nahi nuen, eta ez nuen hartu nahi lan bat bezala, hitzaren adiera makurrenean.

 

«Asmoa izan da konfiantza handia nuen musikariekin eta lagunekin elkartzea»



Bide beretik, nahi nuen aukeratutako musikari horiek ere proiektua nik bezala ulertzea. Hori kontrolatzea zaila da, noski, baina zortea izan dut guztiek hartu dutelako horrela; eta oso eskertuta nago. Lagunen artean hasten duzunean bilaketa errazagoa da nahi duzuna topatzea.

Jon Gurrutxagarekin egin duzu lan aurretik ere. Nola moldatu zarete proiektu honetan?

Jon Gurrutxagarekin azken urteetan asko ibili naiz duoan, oso harreman ona daukagu eta banekien animatzen bazen bere onena emango zuela; eta hala izaten ari da zentzu guztietan. Kontua da errezitatzeko testuak egokitu ditugula kantuetara, eta Jon oso ondo egokitu da lan horretara. Ohituta gaude Jon Gurrutxagaren ahotsa entzutera gauza gogorragotan, baina bakarkako lanetan egiten ditu gauza lasaiagoak ere, eta disko honetan bi aldeak atera ditu. Aitak berak ere esaten du oso ondo egokitu dela kantuetara.

Proiektu berezia da, harrera ona izaten ari da eta Txomin Artolari ere gustatu zaio emaitza. Nola sentiarazten zaitu horrek?

Niretzako berezia izan da hasiera-hasieratik, disko hura kaleratu zenez geroztik. Aitak kantu horiek sortu zituenean ni haur bat nintzen. Disko oso berezia da, eta hau egiteko proposamena jaso genuenean berari aipatu nion, noski. Prozesu luzea izan da erabaki genuelako emanaldi batean geratu behar zen hura gero estudioan grabatzea, eta hortik diskoa egitea, emanaldi gehiago ematea… Denbora honetan, barruan gauza batzuk mugitzen dira: hasieran asimilatzeko denbora behar duzu eta gero konturatzen zara. Kontent gaude eta aita bera ere oso kontent dago egin dugun lanarekin.

Hasieran bertigoa ematen zidan pentsatzea zertan ari ote ginen sartzen: halako disko borobil bat berriro interpretatzea erantzukizun handia da, batez ere niretzako. Emaitza ikusita, baina, oso kontent gaude eta konturatu gara zentzua izan duela hau berriro egiteak. Zaila da ondo azaltzeko, baina esperientzia oso ederra izan da, eta izaten ari da. Oso pozik nago aitari ere piztu diolako zerbait eta ikusi dudalako jende batek ere orain deskubrituko duela Belar hostoak. Aldi berean, berezia izaten ari da diskoa 78an ezagutu zuen jende baten memoriara berriro horrela ekartzea, hainbeste urte pasa eta gero. Horrek ere betetzen nau eta taldekideek beste modu batera bizi dute, baina denok gaude gustura.

Bertsio berriak oinordekotzan jaso al du disko originalaren arrakasta?

Etorri izan zait ni baino jende helduagoa esanez aitaren diskoak markatu egin zuela. Ez naiz hasiko izenak esaten, baina musikaren munduan ibilitakoak dira, eta niretzat erreferente izan diren pertsonak. Aitaren diskoak arrakasta izan zuen, segur aski, hitzengatik eta disko hartan elkartu zelako Errobiko musikari zenbaitekin, tartean, Mixel Ducau, Beñat Amorena eta Jean Phocas; oso musikari onak ziren.

Disko hark hainbat zentzutan markatu zituen zenbait musikari. Aldi berean, aitak esan izan dit berak ez duela oroitzapen hori, ez zuela horrela bizi izan. Egia da kantu horiek zuzenean defendatzeko taldea ez zuela osatu: diskoa horrela egin zuen, baina emanaldietan askotan bakarka ibiltzen zen, eta disko hartako kantu bat edo bi egiten zituen, gainerakoak talderik gabe jotzea zaila zelako. Orduan, agian, gehiago da disko hori ez zuela zuzenean behin ere planteatu bere osotasunean; guk orain egiten dugun bezala.

Jendaurrean hainbat modutan jo duzu: binaka, talde handiagoetan... Zer ematen dizu formatu bakoitzak?

Duoan planteatu izan ditudan proiektuak-eta nahiko gauza akustikoak izan dira. Biko formatu horrek espazio asko uzten du, eta polita zein interesgarria da kantu bakoitzak iradokitzen dizun hori betetzeko modu ezberdinak daudelako. Niri mundu akustikoa oso erakargarria iruditu zait beti: hortik abiatu nintzen, nahiz eta azken urteetan pixka bat elektrikora ere mugitu naizen. Oso ezberdinak dira duoan planteatzen ditugun konponketak edo taldean egiten direnak. Taldean edo binaka, ezaugarri bereziak ditu formatu bakoitzak, eta oso ezberdinak dira.

 

«Taldean edo binaka, ezaugarri bereziak ditu formatu bakoitzak»



Eta gauza bat da formatua, baina formatu hori zein musikarirekin osatzen duzun ere kontuan hartu behar da. Denak eragiten du: taldea osatzen duten instrumentuek, kantatzeko moduak, abestien osaerak… Bakoitzak gauza bat edo beste bat iradokitzen dizu, eta lanketa horiek beti dira interesgarriak eta atseginak. Gero ez dugu beti izaten nahi beste denbora: gero eta talde handiagoak izan, orduan eta zailagoa da entseguetarako elkartzea. Duoak direnean, berriz, errazagoa da. Bakoitzak ditu bere hutsuneak eta bertuteak.

Aurrera begira zein proiektu dituzu esku artean?

Oraintxe parte hartzen dut zenbait proiektutan. Batetik dago Belar hostoak proiektuaren talde hau; eta, bestetik, Howdy Bluegrass izena duen talde batean sartuta nago baita ere. Bluegrass estiloa jorratzen duen talde bat da eta atera genuen lehen diskoa 2020an, pandemia ate joka ari zela; orain, berriz, disko haren euskarazko bertsioa egin dugu. Disko hartako hitzen egileak ingelesez idatzi zituen eta orain euskarara itzuli ditugu. Lehen emanaldia Adunan Rock izeneko jaialdian egin genuen, abuztuaren hasieran, eta orain ari gara disko horren bigarren aurkezpen moduko bat egiten.

Horiez gain, jarraitzen dut tarteka Jon Gurrutxagarekin, eta Iker Laurobarekin ere jotzen dut. Etorkizunera begira, berriki proposamena jaso dut Hendaian —ni bertan bizi naiz-. Izen artistikoa Jac duen musikari galiziar batek proposatu dit. Izatez, bakarkako proiektu bat dauka, eta taldea osatu berri du; baina, gero, planteatzen ditu emanaldiak formatu ezberdinetan, eta proposatu dit emanaldi bat egitea hirukotean jotzen. Oraindik ez dut berarekin behin ere jo, baina hori prestatzen hasiko gara laster. Ez dakit zein etorkizun izango duen: emanaldi asko izango diren ala ez. Gehiago izango dira taldearekin, pentsatzen dut, baina ea zer ateratzen den. Eta horrelako istorioetan nabil sartuta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!