ELKARRIZKETA

«Ibilgailu handiak gidatzea asko gustatzen zait, eta baita zailtasunak ere»

Aitor Arroyo Askarai 2023ko ira. 2a, 07:59

Isa Pellus Rezola autobus gidaria. A. ARROYO

Hamarkada bat baino gehiago darama Isa Pellus Rezolak txofer lanetan. Azken ia zortzi urteetan eskualdeko errepideetan aritu da autobusa gidatzen.

Edonor jar liteke urduri errepide estu batean autobusa parez pare topatuko balu; ez, ordea, Isa Pellus Rezola (Tolosa, 1973) gidaria. Ibarran hasi zen bolanteari eragiten: hiru urtez gidatu zuen kamioi bat eta landareak banatzen zituen; ondoren, bi urte igaro zituen Beasain (Gipuzkoa) inguruko eguneko zentro bateko autobusa gidatzen. Gaur egun, berriz, Tolosaldea Bus enpresan egiten du lan eta zortzi urte beteko ditu bertan. Aitortu du atsegin dituela eskualdeko bide estuak, eta «ezusteko erronkak» kudeatzea da harentzat lanbidearen alderik politena. Ogibidea atsegin duenaren irribarrez kontatu ditu lanaren nondik norakoak, eta baita anekdotaren bat ere.

Zein formakuntza behar da autobus gidari izateko?

Nik gidabaimena Lanbideko kurtso baten bitartez lortu nuen. Baina ez da autoeskolara joatea bakarrik araudia, mekanika eta praktika ikastera; beste gauza batzuk ere lantzen ziren, bere garaian, behintzat.

Horietako bat zen bidaiariekiko tratua. Baziren zenbait gai zeinak autoeskolan, agian, ez ziren hainbeste lantzen. Baina gero lanean hainbeste ordu pasako genituenez, sakonago lantzen ziren hainbat aspektu: gidatzeko modua, gidatze ekonomikoa, lehen sorospenak… Horrelako gaiak.



Nola iritsi zara autobus gidari izatera?

Bitxia da, txikitan asko mareatzen bainintzen: Tolosatik Alegiarako bidaia nahikoa zen ondoezik sentitzeko eta dena botatzeko. Bere garaian, goragalea ematen zidan autobus baten aldamenetik pasatze eta usaintze hutsak. Baina momentu batean osaba espetxeratu egin zuten, eta bidaiak egin behar ziren Herrera de la Manchara eta Alcala Mecora. Bidaia horietan beti jartzen nintzen autobusaren aurrealdean, gidariari begira, eta beti gustatu izan zait hori: botoiak nola sakatzen zituen, bolanteari nola eragiten zion… Hor erakarri ninduen eta ordutik beti gustatu zait. Gidabaimena ateratzeko aukera izan nuen INEM [estatuko enplegu zerbitzu publikoa] bidez, eta, azkenean, kotxeko gidabaimena baino urtebete lehenago lortu nuen autobusekoa.

 

«Kotxeko gidabaimena baino urtebete lehenago lortu nuen autobusekoa»



Tradizioz gizonen eremua izan da. Nolakoa izan da inguru horretara sartzea?

Zaila izan da. Gidabaimena atera nuenean ibili nintzen curriculumak banatzen-eta, baina eskaerak egitera joaten nintzenean, iristerako nabaritzen nuen nolako begiradarekin hartzen ninduten. Begietan irakur zitekeen: «Emakume bat?».

 

«Ez zen irudikatzen emakume bat ibilgailu handi batean eta ondo gidatzen»



Ez zen irudikatzen emakume bat ibilgailu handi batean eta ondo gidatzen. Jendeak oraindik ere egiten ditu komentarioak: «Zein ondo gidatzen duzun». Harridura tonu txiki batekin izaten da, eta nire lankide gizonari ez diote esaten zeinen ondo gidatzen duen; harekin ohikotzat jotzen da. Beti egon da hori. Beste lanbide askotan gertatzen den bezala, gizonek baino askoz gehiago demostratu behar dugu, eta hori onartuak izateko soilik.

Lana bilatzeko garaian ere nabaritu duzu, beraz.

Bai, bai. Beasainen eguneko zentroan egon nintzenean ezberdina zen: autobus txikiak ziren, plataforma bereziekin, adineko jendearekin egiten nuen lan eta bidaiariekin tratua ere beste modu batean eman behar zen. Hor badago tranpa bat, ordea, gehiago lotzen baita zaintzaren esparruarekin gidari izatearekin baino. Han lan egiteko ez nuen arazorik izan, baina, hain zuzen, zaintzaren esparruarekin lotzen delako.

Gutxietsi zaituztela sentitu al duzu noizbait?

Saiatu izan dira gutxiago nintzela sentiarazten. Askotan elkarrizketa normal batean gertatzen zen: «Nola egingo duzu ba hori? Zuk?». Ba beste edonork egingo lukeen bezala; ez dago inongo alderik. Eta zeharka bada ere, gauza bera gertatzen da «zein ondo gidatzen duzun» bezalako komentarioekin ere.



Zein dira zuretzat laneko zailtasun nagusiak?

Oso adi ibili beharreko lana da; eta ez bakarrik zuk egiten duzunarekin, baita inguruko trafikoak egiten duenarekin ere. Beti esaten dut seigarren zentzumen moduko bat garatzen dugula autobus gidariok: biribilgune batera sartzerakoan badakigu nork sortuko dituen arazoak [barre txikiarekin]; eta ia beti asmatzen dugu [barrez].

Bidaiarekiko tratua ere asko zaindu behar da; lanaren parte da jendaurreko ezaugarri hori. Hori dena bateratu behar da: gidatzea, bidaiariak zaintzea… Abantaila da hemen inguruan beti antzeko jendea ibiltzen dela, eta, beraz, ezagutzen dugula elkar. Gainera, eskualde honetan karretera estuetan ibiltzen gara: Berastegi, Orexa, Gaztelu… Autobus handi batekin ibiltzen garenez, maniobratzeko beti oso kontuz ibili behar gara. Badu bere zailtasuna, baina ez nituzke aldatuko ez lana, ez lan egiteko ingurua. Asko gustatzen zaizkit biak.

Zer atsegin duzu gehien?

Ibilgailu handiak gidatzea asko gustatzen zait, eta baita zailtasunak ere; erronkak asko gustatzen zaizkit. Ezingo nuke makina baten aurrean egon denbora guztian gauza bera egiten; erotu egingo nintzateke. Tarteka zailtasun horiek behar ditut, pixkanaka mailaz igotze hori edo. Eta egunero bide berdinetan ibiltzen bagara ere, beti gertatzen dira ezustekoak, eta horiek kudeatzea da politena: obrak daudela, belarra mozten ari direla, kamioi batekin gurutzatzen zarela Berastegiko bideko kurba batean…

Eta kontrara, zer gustatzen zaizu gutxien?

Ordutegiak ez dira onenak. Asteburu askotan lan egitea egokitzen zaigu, eta familiarekin eta senideekin bateratzeko zaila da. Erreleboetan egiten dugu lan, baina ez dira astebete goizez eta beste astebete arratsaldez; oso erritmo nahasiak izaten ditugu… Kontziliazio hori oso zaila izaten da.

 

«Oso erritmo nahasiak izaten ditugu… Kontziliazio hori oso zaila izaten da»



Ibilbidea beti bera da edo aldatuz joaten da?

Txofer guztiok ibilbideak aldatzen joaten gara. Zerbitzu ezberdinak egiten ditugu: ikasturtean zehar ordutegi bat daukagu, txanda bakarrean bizpahiru ibilbide bateratu daitezke… Udan, berriz, buelta bat egiten dugu alde batera, gero bestera... Eta aldatzen joaten dira ibilbideak.

Eta ez du gidariak aukeratzen, ezta?

Hori da, bidea aurretik zehaztuta dago: nondik joan behar garen, zein geldialdi egin behar ditugun, geltoki bakoitzean noiz egon behar dugun… Trafikoak eragiten du, jakina, autobusa ez da trena bezala. Baina, gutxi gorabehera, bete egin behar da ordutegia.

Ordutegi aldakorrak izaten dituzuela aipatu duzu lehen.

Normalean hiru zerbitzu baino gehiago ez ditugu egiten ibilbide berdinean. Berastegiko bidea tokatzen bazaizu izan daiteke egun batez, biz edo gehienez hiruz. Hortik aurrera aldatu egiten dugu. Hiru egun goizez, gero bat arratsaldez, gero jai pare bat… Ero samarra izaten da, eta egutegiari askotan begiratu behar diozu. Ez daukagu dinamika errepikakor bat; oso aldakorra da. Gainera larunbat gauetan beti bi zerbitzu egoten dira martxan, orduan, tarteka gauak ere tokatzen zaizkigu… Eta negutik udara ere aldatzen dira txandak.

Nola jokatzen duzue errepidean ezustekorik gertatzen bada?

Normalean enpresari deitzen diogu. Ikusten badugu dagoela auto ilara bat, zeinak luzerako itxura duen, deitu egiten dugu eta enpresa arduratzen da erabakia hartzeaz. Guri erabakia helarazten digute, eta guk jarraitu. Ondoren, gidariok Foru Aldundirako txosten moduko bat egin behar dugu azalduz zein arazo egon den, non, zein zerbitzutan, zenbateko atzerapena eragin duen… Alde bikoa da harremana.

Horrelakoetan saihesbiderik hartzeko aukerarik izaten duzue?

Gidariok proposatu ditzakegu, baina enpresaren oniritzirik gabe ezin dugu ezer egin. Ondo iruditzen bazaie jarraitu egiten dugu, eta bestela geldirik gelditzen gara. Hor hainbat faktorek eragiten dute, adibidez, tartean geltokirik badagoen edo ez; saihesbide horrekin ezin bada geltoki horietatik pasa normalean ezin izaten da hartu.

Eta bidean bidaiari bat gaixotzen bada?

Larrialdi telefonora deitu beharko genuke, eta baita enpresari abisatu ere. Gero toki egoki bat bilatu behar da anbulantziari itxaroteko, eta saiatzen gara ahal den gehien laguntzen, beti ere segurtasun neurriak jarraituz.

Anekdotak ere izango dituzu. Baten bat kontatzerik bai?

Denetik gertatzen da: batzuetan bidaiari ezagunen bat baratzetik etortzen zaizu eta piper batzuk oparitzen dizkizu [barrez].

Gaueko zerbitzuetan denetik ikusten da: jende oso jatorra izaten dugu, baina baita bestelakoak ere. Behin gertatu zitzaidan Asteasutik Tolosarako bidea egiten; gazte batzuk igo ziren, geroago beste batzuk sartu ziren, eta hasi ziren pixka bat istilu bila edo. Bada, lehenengo sartu ziren gazte horietako batzuk esan zuten: «Mesedez, errespetua txoferrari. Lanean ari da eta hau ez da lekua horrelako gauzak egiteko». Badago halako babes bat, jendea jabetzen da lanean ari zarela. Bestelakoak ere gertatzen dira: festetan ateak ireki eta 150 lagun barrura sartu nahian, eta jendea haserretzea ez direlako sartzen.

Beste batean, Bidanira bidean pasa zitzaidan errepidean idiak entrenatzen ari zirela, eta haien atzetik joan behar izatea. Herri txikietan ibiltzen garenez horrelako asko gertatzen dira: traktoreak belarrarekin, ardiak ateratzen direla… Behin edo behin tokatu zait bidea apur bat itxi beharra ardiek artzainari ihes ez egiteko [barrez]. Eta gauza bera ere gertatu izan zait behiekin!

Nolakoa izaten da bidaiariekiko harremana?

Hemen inguruan bidaiariak asko errepikatzen dira: izan erosketak egitera joaten direlako, medikura joaten direlako… Eskualdean herri txiki asko daude, eta menpekotasun handia dute autobusarekin. Gertatzen da autobusean lau lagun bakarrik joatea, baina lau horiek ezingo lukete mugitu autobusik gabe. Batzuk erosketak egitera ordu berean jaisten dira beti, eta egunen batean huts egiten badute kezkatzen hasten gara: «Ondo egongo ote da?». Harremana puntu horretara iristen da: izenez deitzen diogu elkarri, eta askotan kontatzen dizkigute familiako eta lagunarteko kontuak.

 

«Eskualdean herri txiki asko daude, eta menpekotasun handia dute autobusarekin»



Nahiko zabalduta dago txofer hotzaren irudia.

[Barrez hitz egin aurretik] Denetik dago, kuadrilla batean bezala: batzuk irekiagoak dira, hiztunagoak; eta beste batzuk, isilagoak. Batzuetan serio jarri behar izaten dugu bidaiaria harrotzen hasten bada. Psikologia pixka bat eskatzen du gure lanak. Nik askotan esaten dut gizarte lana egiten duen GKE [Gobernuz Kanpoko Erakundea] bat ematen dugula [barrez].

Zer esango zenieke autobuseko ohiko bidaiariei?

Jarrai dezatela autobusa erabiltzen. Eta eskerrak eman nahi dizkiet zerbitzua erabiltzeagatik, gu ondo tratatzeagatik eta gure lanbidea nolakoa den ulertzeagatik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!