Tolosako kirol talde, eskola eta erabiltzaileek Usabalen irekiera eskatzeko elkarretaratzea egin dute gaur iluntzean. Jendetza gerturatu da irtenbidea eskatzera. Salatu dute 119 egunez «tolosar guztiena» den udal instalaziora sartzeko sarbiderik ez dutela izan, eta inork ez duela oinarrizko zerbitzu publiko hori eskaintzeko aukerarik ematen.
«Usabal ez da BPXportekoa, ezta bertako langileena ere; beraz, zaila egiten zaigu ulertzea, enpresa horretako langileen greba gorabehera, ezin garela gure instalazioetara sartu», esan dute. Egoera «jasanezina» dela diote, «bai sozialki, bai ekonomikoki, egoera horrek dakarren kostuen igoeragatik». Itxieragatik erabiltzaileak egiten ari diren desplazamenduen arriskuez ere ohartarazi nahi izan dute. «Zuhurtasuna» eskatu dute.
Gogorarazi dute 10.000 erabiltzaile direla, eta horietatik 2.000 inguru kirolariak direla. «Badirudi inori ez zaiola axola adinekoak, haurrak eta abar, uda osoan igerilekura sartu ezin izateak, kirolariek ohiko entrenamenduak ezin egitea, instalazioko tabernak plantilla izugarri jaitsi behar izatea, kirol klubetako beste langile batzuek lanpostuak arriskuan izatea edota klubek beste herrietan eskean ibili behar izatea denboraldiari aurre egiteko».