Tolosako Alde Zaharra ezagutzeko, bisita gidatuak

Endika Apalategi Labayen 2023ko abu. 20a, 10:00

Brian Cullen, Bartzelonako bikoteari gidari lanak egiten.

Bartzelonatik etorritako bikote batek hartu zuen parte goizean Tolosako Alde Zaharra ezagutzeko egin zuten bisita gidatuan; abuztuan zehar ia egunero ari dira egiten bisitak.

Bertako jendeaz gain; Katalunia, Madril, Valentzia, Andaluzia eta Frantziatik etorri ohi da jendea, astelehenetik larunbatera bitartean, egiten diren bisita gidatuetan parte hartu, eta Tolosaren historia pixka bat gehiago ezagutzera. Tolosaldea Tour arduratzen da bisita gidatuak egiteaz, eta ordubete inguru irauten duten hiru bisita egiteko aukera egoten da: batetik, Tolosako Alde Zaharreko bisita; bestetik, Tolosako Andra Maria Parrokia, eta, azkenik, Tolosako azoka bertatik bertara ezagutzekoa, azken hau, soilik larunbatetan. Izena emateko; 943 697 413 telefono zenbakira deitu, edo tour@tolosaldea.eus helbidera idatzi behar da.

Atzo goizean, esaterako, Alde Zaharreko bisita gidatua egin zuen bikote batek, 10:30ean abiatuta. Tolosako Plaza Zaharreko 10.ean kokatuta dagoen turismo bulegoan elkartu ziren, eta Brian Cullen aritu zen gidari lanetan Bartzelonatik etorri den bikotearentzat. «Tolosan merkatu bat zegoela irakurri guen, eta merkatua ikusteko helburuarekin etorri gara» aipatu zuen Bartzelonako bikoteak. Horretaz gain, Tolosak duen historia bertatik bertara ezagutu eta turismo pixka bat egiteko aprobetxatu nahi izan zuten.

Bisita gidatuan zehar, Alde Zaharrean aurkitzen diren eraikuntza eta monumentu desberdinak ikusi zituzten, eta istorio bitxiak ere entzun zituzten. Santa Maria parrokiatik hasita, Aranburu jauregia, errota zaharra, udaletxea, Zerkausia, Gaztelako Atea, Berdura plaza eta Handia dorrea ezagutu zituzten, unean-unean, zegozkion azalpenak jasoz. Bisita amaitzean, Loiolako santutegia bisitatzera joan ziren, eta etorkizun hurbil batean, berriz itzultzeko asmoa dutela adierazi zuten.

Doako audio-gida

«Aurten, doako audio-gida bat jarri dugu martxan. Horrela, turistek, eraikinez-eraikin beraien kabuz auto bisita gidatu bat egiteko aukera eskaintzen diegu, eta jendeak interes handiz hartu duen zerbait izan da» adierazi du Cullenek. Aurten, beroagatik, hegoaldeko jende pila bat etorri dela aipatu du, eta gustura daude jendeak emandako erantzunarekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!