Tolosako auzotarrek «entzunak izatea» espero dute

Ataria 2023ko abuztuaren 11

Tolosako auzoetako auzo elkarteen plataforma uztailan elkartu zen udal talde berriarekin. Herritarren %65 baino gehiago ordezkatzen dutela azaldu dute.

Aldaba, Alde Zaharra, Alde Zaharra Zaindu, Amarotz auzo elkartea, Bedaio, Berazubi, Iurre, Iurramendi, Iurramendi Hobetzen, Larramendi, Ttontor (San Esteban) eta Otsabik (Izaskun auzoa) osatzen dute Tolosako auzoetako auzo elkarteen plataforma.

Adierazi dutenez, Tolosako Udaleko gobernu talde berriak egindako deialdian izan ziren uztaila erdian: «Bertan, eta hauteskundeetan emandako hitza betez, gobernu taldeak gure hiriko auzo eta eremuetako bizilagunen elkarteekin (tolosarren % 65 baino gehiago ordezkatzen dutenekin) ezarri beharreko interakzio-dinamika berria helarazi zigun. Ilusioz beteriko ekimen hori hasi besterik ez da egin, baina, zalantzarik gabe, erakundearen eta auzo-erakundeen arteko komunikazioa erraztuko du».

Ilusio horrek ardurak ere baditu, ordea: «Elkarteen plataformatik espero dugu entzunak izatea eta horrela, kontuan hartuak izatea ordezkatzen ditugun bizilagunen eguneroko bizitzan eragina duten gaietan. Auzo bakoitzaren kasuistika zehatz eta espezifikoez gain, badira alderdi makroekin lotutako elementu komunak, adierazitako eremuetan bizi diren pertsonen egunerokotasunari eragiten diotenak. Horien artean, honako hauek nabarmentzen dira: garraioa, zerbitzuak eta mantentze- lanak, segurtasuna eta trafikoa, garbiketa, argiztapena, elkarte bakoitzaren jardueren urteko plana finantzatzea, etab».

Gai horiek eta gehiago, elkarlanean aurrera eraman behar direla diote plataformatik: «Gobernu-taldeak eta elkarteek aztertu behar dituzte, Tolosako hirian bizi garen pertsonen beharrei eta ongizateari lehentasuna emateko borondate argiarekin».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!