Udaletik azaldu dutenez, «azken asteotan udal ordezkariak eta teknikariak buru belarri aritu dira lanean, Usabal Kiroldegiko langileen eta BPXport enpresaren arteko lan gatazkaren blokeo egoerari irtenbidea emateko eta ahalik eta azkarren zerbitzua berriro ere martxan jartzeko».
Tolosako Udalak bere eskura dituen aukeren azterketa egin duela adierazi du, «horietako bakoitzaren legedia, ondorio ekonomiko eta juridikoak, epeak eta kudeaketan izango lituzketen eraginak kontutan hartuz».
Guztia ondo aztertuta dutela berretsi dute udaletik, eta egoera desblokeatzeko «balizko soluziobide bat» topatu dutela. Bide hori jorratzeko proposamena egin dio BPXport enpresari. Aukera hori aztertzen ari da orain enpresa, eta berehala erantzuteko konpromisoa hartu du.
Negoziazioa, hala ere, amaitu ez dela ohartarazi du udal gobernuak: «Berme legalak dituen bide posible bat zehaztu dugu, eta hori soluziorako lehen urrats bat izan daiteke, abiapuntu eta oinarri bat. Bide hori jorratzeko proposamena onartuko balu enpresak, balizko konponbidearen baldintzak zehaztea da hurrengo urratsa. Udalak ezarritako irizpideen araberako baldintza horiek zehaztu behar ditu orain enpresak».
Hori dela eta, zuhurtzia eskatu du udal gobernuak: «Oraindik bidea dago egiteko, eta mugatuak dira udalaren esku dauden aukerak. Bai eperik motzenean zerbitzua berrezartzeko aukera emango luketenak, behintzat. Ahalegin guztiak egiten ari da udala kiroldegia ahal bezain pronto irekitzeko, erabiltzaile eta kirol taldeen beharrak lehenetsiz».
Udalaren esanetan, konponbiderik azkarrena eta eraginkorrena, BPXport eta bere langileen arteko lan gatazkari konponbidea jartzea litzateke. Hori horrela, negoziazio bideak itxi ez ditzaten eta akordioetara iristeko ahalegina egiten jarrai dezaten eskatu die udal gobernuak.
Berazubiko kuota
Berazubi estadioko instalazioen erabilera egiten dutenei kuota kobratuko diela jakinarazteko BPXportek bidalitako mezua ere izan zen eztabaidagai atzoko bileran. «Udalak ez du begi onez ikusi erabaki hau, eta herritarren kexak eta ezinegona helarazi dizkio enpresari». Gaiaren jarraipena egingo duela ere ohartarazi dio enpresari Tolosako Udalak.