Gatazka blokeo egoeran dagoela azaldu dute Usabal kiroldegiko langileek, eta denbora pasatzen uzteak ez duela gatazkaren konponbidea ekarriko gaineratu dute: «Hau aldatu ezean ikasturte berriaren hasieran greba aurreko egoera berdina izango dela ikusten dugu. Hau ikusita, argi utzi nahi dugu zerbitzu hau emateko obligazioa enpresarena dela eta horren ardura udalarena».
Edozein momentutan negoziatzeko prest daudela berretsi dute langileek. Egoera desblokeatzeko mugimenduak euren aldetik egin direla diote, baina BPXport enpresaren aldetik azken hiru hilabeteetan ez dela proposamen berririk egon salatu dute. «Irtenbidea lehenbailehen bilatzeko bide horretan, gure azken proposamenean eros ahalmenaren eguneraketaren zati bat bidean utzi genuen, eta hala eta guztiz ere ez da negoziaziorik egon. Egoera hau ikusita ulertzen dugu udalaren esku hartzea ezinbestekoa dela eta berandu baino lehen erabakiak hartzea», eskatu dute kiroldegiko langileek.
Gogoratu dute, edozein izanda ere kiroldegia kudeatzen duen enpresa eta udal gobernuan dagoen alderdi politikoa, langileek euren lan baldintzak bermatu eta eguneratzeko eskubidea dutela: «Lizitazio batetik bestera ematen diren aldaketek ez lukete gure lan baldintzetan eraginik izan beharko, eta hala eta guztiz ere, enpresa berria sartu zenetik aurrerako eguneraketa bakarrik eskatzen ari gara, akordioa ahalik eta azkarren lotzeko».