Energia Berriztagarrien Plan Sektoriala baliogabetzeko eskatu du Tolosako Udalak

Ataria 2023ko uzt. 25a, 12:11

Prozesuak zenbait arlotan legedia «urratu» duela uste du udalak; zentral eoliko eta fotovoltaiko handiak eraiki ahal izateko bi kokaleku Aldaba auzoko lurretan jasotzen ditu planak, eta lursail horiek horretarako aproposak ez direla izendatzeko eskatu du.

Eusko Jaurlaritzaren Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren (LPS) hasierako onarpenaren aurka alegazioak aurkeztu ditu Tolosako Udalak, plana osatzeko prozedurak zenbait arlotan legedia «urratu» duela argudiatuta. 

Plan horrek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan zentral eoliko eta fotovoltaiko handiak eraiki ahal izateko kokalekuak jasotzen ditu, horietako bi Aldaba auzoko lurretan. Kokaleku horiek «ezinegona» sortu dutela bertako bizilagunen artean esan du udalak. Azken asteetan bertako bizilagunak harremanetan izan dira udal ordezkariekin.

Udalak esan duenez, hiru dira, batik bat, herritarren kezka iturri nagusiak: lehen sektorean, bioaniztasunean eta ondarean izango luketen eragina. «Izan ere, bi baserriren jardun ekonomikoan zuzenean eragingo lukete bi instalazioek: bata, Isastegi Sagardotegiaren ustiapen ekologikoko eta bertako sagarrak mantentzeko sagastietan; bestea, nekazaritza ekologikoan, eta ahuntz gaztaren eta ogiaren ekoizpenean urteak daramatzan Aldaba Zahar baserriko lurretan».

Lur horietan, gainera, Eusko Jaurlaritzaren Katalogoan jasota dauden eta legez babestuta dauden eta arrisku egoeran dauden hegazti eta ugaztun espezieak bizi direla gogoratu du udalak, eta Intxur mendian dagoen Burdin Aroko herrixkaren aztarna arkeologikoetan ere eragingo lukeela esan du.

Bada, aholkulari juridikoekin gaia aztertu ostean, prozesuak zenbait arlotan legedia «urratu» duela ondorioztatu du udalak. «Batetik, parte hartze publikorako prozesuan, ez baita bete legeak informazioa jasotzeko eta alegazioak jartzeko ezarritako 45 eguneko epea. Prozesuaren hasierak, gainera, bat egin zuen udal hauteskundeekin eta gobernu aldaketekin. Bestetik, informazioa jasotzeko herritarren eskubidea urratu dela ere ondorioztatu da, ez baita eskura izan kokalekuen egokitasuna aztertzeko beharrezkoa den dokumentazio osoa».

Plana osatzerako garaian Eusko Jaurlaritza «arbitrariotasun osoz» jardun dela ere argudiatu du udalak, metodologian ezarritako irizpideak «kontraesankorrak» baitira zenbaitetan, eta «argudio teknikorik gabeak» beste kasu batzuetan. Bestelako Lurralde Plan Partzialen, Plan Sektorialen eta bertako Hirigintza Planaren gain ere jartzen da zenbait kasutan.

Argudio horietan oinarrituta, LPSa baliogabetzeko eskaera egin du Tolosako Udalak. «Ez behin betiko, ordea. Prozesua berrabiarazi eta Berriztagarrien inguruko beste LPS bat osatzeko eskaera egin zaio Eusko Jaurlaritzari, beti ere orain arte alboratu dituen alorrak kontuan hartuz, hala nola, ingurumena, tokiko lurralde antolaketa, parte hartze publikoa edota metodologia. LPSa baliogabetuko ez balute, berriz, eta aurkeztutako dokumentazioan jasotako argudioak kontuan hartuz, laborantzara bideratutako bi lursail hauek instalazio fotovoltaikoak jartzeko aproposak ez direla izendatzeko eskatu da».

«Energia berriztagarrien sorkuntzan oinarritutako sistema bat diseinatzeko beharrezkoa dugu lurraldea antolatzeko plangintza-tresna egokiak izatea. Baina proiektuei mugak ezartzeko ere erabili beharko lirateke, batik bat, eragin zuzena eta konponezina badute laborantza-lurretan, hainbat familiaren bizimodu eta hauen sostengu ekonomiko diren aktibitatetan edo gure ondare natural eta kulturalean, besteak beste», azaldu du Aitor Agirresarobe Murgi, Jasangarritasuna, Ingurumena, Landa Garapena eta Trantsizio Energetikoa Saileko zinegotziak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!