Tolosako edo New Orleanseko kaleak?

Ataria 2023ko uztailaren 22a

Funk, Gospel eta Jazz doinuak jo dituzte Broken Brothers Brass Bandakoek eguerdian Kultura Plazara ekimenaren barruan. Nafarroako taldeak giro bikaina jarri du kaleetatik barrena egin duten kalejiran.

Gaur arratsaldean eta gauean kontzertu gehiago egongo dira Zumarditxikian. Musikaz gain, jan eta edateko aukera egongo da bertan kokatuta dauden postu desberdinetan. 

Egitaraua:

  • 19:00etan. DJ Alai. Tolosako DJ, ekoizle eta artista elektronikoa da. Bere musika hainbat musika estilo desberdinetan oinarritzen da (hip-hop, disko, reggae) beti ere jungle, breakbeat eta house erritmoetan nabigatuz. 2021aren amaieran bere lehenengo estudioko albuma kaleratu zuen, Ozen izeneko album kontzeptuala, lagunekin grabatutako elkarrizketetan oinarritua. 2022an, Bare izeneko EP batean, klub eszena aldarrikatu nahian, bere genero elektroniko gustukoenak elkartu zituen (drum and bass, house eta UK garage). 2023ean, bederatzi urtez Tolosatik kanpo bizi ondoren bere herrian berriro finkatu eta bere estudioko bigarren albuma lantzen ari da.
  • 22:00etan. Nhil taldearen kontzertua. Debagoiena eskualdeko pop-funk musika-taldea da Nhil, Aretxabaletan sortu zena 2017 amaieran. Guztira bi disko kaleratu dituzte beren ibilbidean zehar: lehena, Aztarnak , 2020an, eta bigarrena, berriz, Bizi bagina bezala , 2022ko ekainean. Hurrengo sei musikariek osatzen dute taldea: Sara Alonso abeslari eta piano-jotzaileak, Beñat Arrieta gitarra-jotzaileak, Asel Errasti bateria-jotzaileak, eta Xabi Zuazabeitia baxu- jotzaileak, Lia Garai saxofoi- jotzaileak eta Aitor Ruiz de Austri tronboi jotzaileak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!