Irati Lakunzak zilarrezko domina lortu du Europako Hegats Igeriketa Txapelketan

Ataria 2023ko uztailaren 21a

400 metro eskafandra proban lortu du domina Igarondo Urpekoak Klubeko igerilari tolosarrak. Manon Douyere frantsesak lortu du urrea, Lakunzak baino lau segundo azkarrago amaitu ondoren. Noemie Da Silva frantsesa izan da hirugarrena, zilarretik segundo batera.

Igarondo Urpekoak klubeko Irati Lakunza Hungarian dago, hegats igeriketako Europako Txapelketan. Lehian herenegun hasi zen tolosarra, 400 metroko ur gaineko probarekin. Oso gutxigatik bada ere, ez zuen finalerako txartela lortu. Bederatzigarren denbora onena egin zuen, 3.26,44rekin, eta finalerako azken postua, zortzigarrena alegia, 18 ehunenekora geratu zitzaion.

Bere proba maitea, ordea, gaur zeukan. 400 metro eskafandran zuzenean finala jokatu behar zuten. Denborarik onena berak zeukan, baina finalean aurkari zuzenak aurrea hartu dio. Hasieratik jarri da lehen postuan Manon Douyere frantsesa. Lakunza gertu zuen, ordea, segundo baten barruan. Azken luzeetan aldea luzatzea lortu du Douyerek, eta azkenean lau segundora iritsi da tolosarra.

Oraindik errelebo probetan parte hartzeko aukera izango du Irati Lakunzak. Talde hori zein izango den oraindik zehazteko dago.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!