Larramendi eta Belate auzoen arteko zubia eraikitzeko lanak berrabiaraziko dira

Ataria 2023ko uzt. 21a, 18:11

Proiektua bertan behera uzteko edota moldatzeko aukeren azterketa sakona egin duela esan du udalak, «baina urbanizazio-karga gisa zehaztuta dagoenez, beste aukera bideragarririk ez dagoela ondorioztatu da».

Larramendi eta Belate auzoen arteko oinezko pasabidea eraikitzeko lanak aurreko agintaldian jarri ziren martxan, 2022ko urrian zehazki, baina urte hasieratik etenda egon dira, Larramendiko bizilagun batzuk proiektua birplanteatzea eskatu eta gero. 

«Informazio ezak eta zubiaren bi alboetako igogailuek beren etxebizitzekin zuten gertutasunak sortutako kezkak bultzatuta egin zuten proiektua moldatzeko eskaera», azaldu dute udaletik.

Udal gobernu berriak proiektua bertan behera uzteko edo moldatzeko dauden aukerak aztertu dituela esan dute. «Batetik, azpiegituraren egokitasuna eta beharra zalantzan jarri izan dituelako hasieratik; eta, bestetik, ondorengo mantenu-lanen kostuak udalak bere gain hartzea ekidin nahi zuelako, igogailuenak kasu».

«HAPOko urbanizazio-karga da»

Azterketa horretan ondorioztatu denez, udalaren esanetan, pasabide hori  Tolosako Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko (HAPO) egiturazko antolamenduaren parte da, eta sistema orokorren sarean barneratua dago. Urbanizazio-karga gisa Oria ibaiaren bi ertzak lotzeko oinezko pasabide bat egitea zehaztu zen 2009an onartutako HAPOan. Zehazki ‘5. Arramele-Arkaute’ hirigintza esparruko arau partikularrean, ‘5.1. Gorostidi-Voith  (azpi)esparrua’ atalean. 

Udaletik zehaztu dutenez, horrek zera esan nahi du, inguru horretako urbanizazio lanen plangintza egin zenean, zonaldearen garapen urbanistikoa osatzeko zubi hori egitea baldintza modura ezarri zela (urbanizazio-karga). 

Hortaz, proiektua behin betiko etetea erabakiko balitz, eta urbanizazio-karga hori oso zehatza dela kontuan hartuta, «ez da azpiegitura horren truke beste ezer egiteko aukerarik aurreikusten». Zubia ez egiteko, gainera, HAPOaren aldaketa puntuala tramitatu beharko litzateke, eta lanak hasita izanda, ondorio juridiko eta ekonomikoak ekar ditzake horrek, denboran asko luzatzearekin batera, gaineratu dute Tolosako Udaletik; «horrez gain, pasabidea eraikitzea da azpiesparru horren garapena amaitzeko falta den lan bakarra».

Pasabidearen altuera-mailari dagokionez, URA Agentziak eta Iparraldeko Konfederazio Hidrografikoak ezarritako baldintza da, gune horretako uholde arriskua kontuan hartuta. Zentzu horretan, igogailuak jarri beharrean maldak egiteko aukera ere aztertu da, baina kasu-horretan, arrisku-maila handiagoa luke aipatutako erakundeen azterketa hidrologikoen arabera, igogailuek baino hedadura handiagoa hartuko luketelako. 

Lanei berrekingo zaie

Hau guztia ikusirik, eta obrak zein puntutan dauden ikusita, egokiena lanekin aurrera jarraitzea dela ondorioztatu du udalak: «Gure nahia bestelakoa da. Zubi honi ez diogu zentzu handirik topatzen eta beste planteamendu batzuk hobesten ditugu. Baina eskura genituen aukerak oso urriak ziren, eta, gogoz kontra bada ere, zentzuzkoena eta bideragarriena hasita dauden lanekin jarraitzea da», azaldu du Ander Figuerido Zubiria Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak. 

Ezinegona azaldu zuten bizilagunen komunitateko auzotarrekin ere partekatu du informazio guztia udal gobernuak, eta lanak berriz hasiko direla adierazi diete, «baina aldaketa batekin: bizilagunek eskatu bezala, igogailuen kokalekua moldatu egingo da, bizilagunen etxeetatik ahal bezain beste urruntzeko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!