Tolosako Usabal kiroldegiko langileen greba

«Hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia da»

Ataria 2023ko uzt. 21a, 12:54

Tolosako kiroldegiko langileek elkarretaratze berri bat egin dute eguerdian udaletxearen aurrean. Udala, kirol zerbitzuak martxan orain! lelopean, hainbat herritarren babesa ere jaso dute langileek.

Maiatzaren 8an hasi ziren greban Usabal kiroldegiko langileen gehiengoa. Bi hilabete eta erdi igaro diren honetan, gauzak hasieran bezala daudela salatu dute: «Alde batetik, enpresaren azken proposamena apirilaren 27koa da, greba hasi aurrekoa. Hortik ezin dutela mugitu esaten dute. Bestetik, udalak ere ez du inolako mugimendurik egin, eta beraz, duela bi hilabete eta erdi bezala gaude. Gure aldetik denbora horretan proposamenak egiten aritu gara, negoziaketa desblokeatzeko nahi horretan, baina ez dugu mugimendurik aurkitzen».

Azken bilera duela bi aste egin zuten kiroldegiko langileek udal eta enpresa ordezkariekin. BPXport enpresaren aldetik inolako mugimendurik ez dagoela ikusi zuten, langileen esanetan; «udal ordezkariek esan zuten aukerak aztertzen ari zirela, zeren herritarrei zerbitzua eman beharra daukatela, normala dan bezala, baina momentuz hitzak bakarrik dira. Nik uste hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia da. Ur puzgarrik eta jartzea ondo dago, baina partxe txikiak jartzen ibili baino benetako arazoa konpontzen saiatu beharra dago», esan du Haritz Zelaia Balerdi kiroldegiko langileak.

Hainbat herritarrek martxan jarri duten ekimena ere azaldu dute kiroldegiko langileek, babesa azalduz: «Erabiltzaile batzuk sinadura bilketa abiatu dute, kiroldegia irekitzeko eskatuz. Ekimen guztiak ongietorriak dira. Beraien eskubidea da kiroldegia eta igerilekua irekita edukitzea. Aldarri horretan gure babesa izango dute».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!