Udako ur-parkeaz gozatzeko aukera izango dute tolosarrek

Leyre Carrasco 2023ko uzt. 19a, 16:00

Uztaila eta abuztuko bost asteazkenetan ur-parkea jarriko du Tolosako Udalak, herriko txoko ezberdinetan; 12 urte bitarteko haurrek izango dute bertan jolasteko aukera.

Martxan da Tolosako Udalak antolatu duen ur-parkea. Haurrei bideratutako udako aisialdirako eskaintza indartzeko asmoarekin dabil Udala, eta hala egingo du datozen egunetan. Uztaileko eta abuztuko bost asteazkenetan ur puzgarriak jarriko dituzte herriko txoko ezberdinetan. Ur-parkean denera lau puzgarri izango direla zehaztu dute antolakuntzatik, «denak freskatzeko aukera eskainiko dute, uretako puzgarriak baitira, eta puzgarri bakoitza adin tarte desberdin bati zuzenduta egongo da».

12 urte bitarteko haurrei bideratutako eskaintza da, hain zuzen; horien erdia 5 urte arteko haurrentzat, eta besteak 6 eta 12 urte arteko haurrentzat. «12 urtetik gorako haurrek ere puzgarri altuenean jolasteko aukera izango dute», gehitu dute.

Gaur izan dute irekiera festa Larramendi auzoan, eta giro lainotsua ez da arazo izan freskatzera bertaratu direnentzat. Haur ugari gerturatu da, eta denak aritu dira salto eta brinko urarekin jolasean. Antolakuntzatik adierazi bezala, «oso pozik gaude jasotako harrerarekin. Eguraldiak ez du lagundu, haize fina egiten baitu, baina uretako ekintzak direnean haurrek ez dute bi aldiz pentsatzen eta berehala animatzen dira halako ekintzetan parte hartzera».

Goizez eta arratsaldez izango da erabilgarri; goizean, 11:30etatik 13:30etara, eta arratsaldean, berriz, 16:30etatik 19:30etara. Hala ere, gaur arratsaldean ur-parkera gerturatzeko aukerarik ez dutenek datozen egunetan izango dute horretarako aukera; uztailak 26an Zabalarreta parkean; abuztuak 2an Alondegia plazan; abuztuak 23an Amarotz auzoan; abuztuak 30ean Alondegia plazan. Azken asteazkenean, gainera, apar festa ere egingo da, 18:30etatik aurrera. Bainujantziekin eta uretan jolasean aritzeko aproposak diren oinetakoekin joatea gomendatu dute antolakuntzatik.

Ur-lainoztagailuak

Aurreko astean beroari aurre egiteko hiru puntutan jarritako ur-lainoztagailuak ere mantenduko dira datozen asteotan. Larramendi auzoan, Batxiller Zaldibia kalean eta Zumardiandian daude jarrita, edozein unetan erabiltzeko moduan eta kontsumo arduratsua eginda. Datozen egunotan, Plaza Berrian, Amarotz auzoan eta Alondegian ere jarriko direla jakinarazi du Udalak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!