Irati Lakunza bihar goizean hasiko da lehiatzen Europako Txapelketan

Ataria 2023ko uztailaren 18a

Hegats igeriketako Europako Txapelketan bi probatan parte hartuko du tolosarrak.

Igarondo Urpekoak klubeko Irati Lakunza tolosarrak hegats igeriketako Europako Txapelketan parte hartuko du, Hungarian. Bihar hasiko da lehian 400 metro ur gaineko probarekin, finalerdietan. 10:00ak aldera hasiko da saioa eta guztira hiru finalerdi jokatuko dira, eta horietatik lehenengoan parte hartuko du Lakunzak. Izena eman dutenen artean seigarren denbora onena du tolosarrak. Finala arratsaldean jokatuko da, 18:00ak aldera. 

Ostiralean jokatuko duen proban emaitza hobeak lortzeko aukera du. 400 metro eskafandra proban parte hartuko du, eta zuzenean finala jokatuko du Lakunzak, 18:00ak aldera. Izena eman dutenen artean denborarik onena du tolosarrak eta, beraz, urrezko domina lortzeko hautagaia da. Frantziako selekzioarekin lehiatzen den Manon Douyere izango du aurkari zuzenena.  

Erreleboetako probak ere izango  dira txapelketan, baina bertan erabaki ohi dute zeinek parte hartuko duten bakoitzean. Baliteke Lakunzak probaren batean parte hartzea.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!