Alpino Uzturreko mendizaleak, Pirinioetan

Ataria 2023ko uztailaren 17a

Pasa den asteburuan, Tolosako Alpino Uzturre Elkarteko mendizaleek irteera egin zuten Pirinioetara. 23 laguneko taldea osatu zuten, aspaldiko handiena, eta eguraldia lagun, paraje ederrez gozatzeko aukera izan zuten.

Larunbatean, Lizara aterpetxetik Canfranc herrirako zeharkaldia burutu zuten, GR-11 ibilbidea jarraituz. Gauean Somporteko Aysa albergean atseden hartu ondoren, igandean Astun eski estaziotik abiatu ziren. Taldeko batzuk Moines edo Monjes gaina igotzera animatu ziren. Ayous aterpean, Midi d"Ossau ospetsua atzean zutela, hamaiketakoa jan, argazkiak egin eta jaitsiera luzeari ekin zioten. Jaitsieraren bukaera aldean Chemin de la Mature pasabide ezagunatik iritsi ziren Etsautera. Bertan zain zuten autobusa, etxera itzultzeko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!