Hodeiertz abesbatza 40. urteurrena ospatzen ari da

Ataria 2023ko uzt. 17a, 20:00

1983an sortu zen Tolosan Hodeiertz abesbatza. Lau hamarkadatan, jaialdi askotan parte hartu izan du, zenbait lehiaketetan saridun izan da, eta gainera, diskoak ere argitaratu ditu. Ekintza entzutetsuak egin izan ditu, baina aurten egiten ari diren ospakizuna denetan bereziena izaten ari da.

1983an Tolosan sortua, eskaini dituen kontzertuen kalitateagatik, bere soinu zainduagatik eta programen originaltasunagatik nabarmendu izan da Hodeiertz abesbatza. Estatuko eta nazioarteko hainbat lehiaketetan lehen sariak eskuratu ditu. 1991n, hiru sari lortu zituen Varnako Nazioarteko Lehiaketan (Bulgaria): Sari Nagusia, Polifonia eta Folklore Sailetako Lehen Saria eta Zuzendari Onenaren Saria (Enrique Azurza). Sari Nagusi horri esker, 1992an, Europako Grand Prix sari nagusian parte hartu zuen, beste bost lehiaketetako irabazleekin batera, Gorizian (Italia). 2003an, hirugarren saria irabazi zuen Goriziako Nazioarteko Lehiaketan (Italia). Azkenik, 2010ean, hirugarren saria irabazi zuen Tolosako Nazioarteko Abesbatza Lehiaketako folklore sailean, Ordiziako Oroith abesbatzarekin elkarlanean. 1991an ere lortu zuen hirugarren saria Tolosako lehiaketan.

Bertako nahiz nazioarteko hamaika jaialditan parte hartu du, horien artean nabarmenenak izan dira Sidneyko Operako Concert Hall salan Koru-Musikaren Munduko IV. Sinposiumaren barruan eskainitako kontzertua, 2011n Londresen koru-zuzendarien Britainiako Elkartearen Urteko Batzarrean izandako parte-hartzea, eta 2003an Indiako Gobernuaren gonbidapenari erantzunaz Indiako hiru hiri nagusietan (Mumbai, Delhi eta Bangalore) egindako kontzertu bira. Donostiako Musika Hamabostaldian ere hainbat alditan parte hartu izan du.

Diskografiari dagokionez, hauek aipatu daitezke: Javier Bustoren Missa Brevis eta Missa pro defunctis. Horiez gain, Nicolas Bacri musikagile frantsesaren Ixiltasunaren Ortzadarra kantata estreinatu eta grabatu zituen Baionako orkestrarekin eta KEA Ahots taldearekin batera. Korurako musika eta jazz musika uztartzen dituen bi lan berritzailetan ere parte hartu zuen, Umama! eta Umama II, Larte laukotearekin grabatuak, Juantxo Zeberioren moldaketekin.

Azken urteetako ekintzen artean, nabarmentzekoak dira 2014an Parisera egindako bidaia, bertako Paris 8 Unibertsitateak gonbidatuta, euskal musika tradizionala eta garaikidea ezagutzera emateko asmoz. Urte horretan bertan, Madrilera gonbidatu zuten Tomas Tallisen Spem in Alium (40 ahotsetan) interpretatzeko antzinako musikan aditu onenetako baten zuzendaritzapean, The Tallis Scholars-eko zuzendaria den Peter Phillips. 2016an, La Caixak antolatutako kontzertu parte-hartzailean esku hartzeko gonbita jaso zuen. G. F. Händelen Mesias obra eskaini zuten, Ensemble Matheus orkestra eta Les Éléments koru profesionalarekin batera, Jean-Christophe Spinosi zuzendari frantses ospetsuaren gidaritzapean.

2017. urtea berezia izan zen Hodeiertz abesbatzarentzat, ohiko kontzertuak eskaintzeaz gain, Kantik izeneko ahots-musika zikloa jarri baitzuen martxan. Zikloari esker, Tolosa eta inguruetan abesbatza eta ahots jardunarekin loturiko 4 kontzertu entzun ahal izan ziren, bertako zein kanpoko taldeen parte-hartzearekin. 2018ko azaroan African Sanctus obra berezia taularatu zuen, 50. Nazioarteko Abesbatzaren Lehiaketa barruan, kontzertu berezi gisa.

Bideo bereziak

Aurten, berriz, efemeride berezia ospatzen ari da Tolosako abesbatza, 40. urteurrena. Hori dela eta, urtean zehar egiten dituzten emanaldi eta saio berezietako irudiekin zenbait bideo egiten ari dira. Udazkenean egingo dute ospakizun berezia, eta beraz, horren aurrerapena izan daiteke. Oraingoz hiru egin dituzte: Gabonak, Inauteriak eta San Joan bezpera.

2022ko Gabonak:

2023ko Inauteriak:

2023ko San Joan bezpera:

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!